Literatura

Miren Amurizak 'Basa' eleberria kaleratu du

2017ko udazkenean irabazi zuen Igartza saria, eta haren laguntzarekin argitaratu du lana. Sabina izeneko adineko emakume bat du protagonista, alarguna eta baserrian bizi dena; "andre basa bat, eta ez basandre bat".

Miren Amuriza bertsolari eta idazlea, gaur goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko apirilaren 3a
07:31
Entzun

Gaur goizean aurkeztu du eleberria Miren Amurizak (Berriz, Bizkaia, 1990), Donostian. Bertsolaria eta haur eta gazte literaturako hainbat lanen egilea, Basa du helduentzako lehen lana, eta zentzu askotan "bestelako esperientzia" izan dela adierazi du. Urtebeteko lanean ondu du eleberria, eta "apaltasun lezio handi bat" izan dela azaldu du, "ikasketa prozesu" eta "esperimentazio gune" izan den bezala.

"Trinkoa, hautemangarria eta zuzena". Halakoa da Basa egilearentzat, izenburuak berak aurreratzen duenez. "Laburra da, bizia. Ahalik eta gehien soiltzen saiatu naiz, arnasa hartzeko tarte gutxi utzita". Paperezko txoriak zuen izena Igartza sarira bidalitako proiektuak, eta uste du izen aldaketak berak erakusten duela hasierako asmotik azkenean heldu den tokira egindako bidea. "Non nengoen orduan eta non nagoen orain, bi leku oso diferente dira".

"Domestikatua izan den norbaitengandik baino, animalia senetik gertuago dagoen andrea" da Sabina, egilearen hitzetan. Bada, 80 urte inguruko emakume bat hain basa izatera nola hel daitekeen aztertzea izan du, hain justu, lanaren xedeetako bat.

Herri txiki batean kokatu du istorioa. Sabinari egingo dioten ebakuntza txiki batekin abiatzen da, eta zaintzaile izatetik zaindua izatera igarotzean piztuko da gatazka: baserrian bizi den Henry koinatuarekiko zaintzaile izango da, baina, aldi berean, seme-alabekiko zaindua. Lehenengoa "agentziatik" biziko du, botere gisara; bigarrena, baina, "kontroltzat" hartuko du. Zaintza gatazka modura, hori jarri du eleberriaren ardatzean Amurizak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.