Euskara

Euskara sustatzeko 1,9 milioiko funtsa eratu dute Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak

Euskalgintzan jarduten duten eragileak diruz laguntzeaz gain, bi erakundeen arteko lankidetza teknikoa indartuko dute lau arlotan.

2019ko apirilaren 3a
19:03
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak bi erakundeen arteko elkarlana sustatzeko funtsa sortu dute. Batetik, 1.930.000 euro bideratuko dituzte euskalgintzari lotutako erakunde pribatuen lana laguntzera. EEPk 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000. Bestetik, bi erakundeen arteko elkarlana bultzatuko dute hizkuntza ikerketan, terminologia gaietan edota egiaztagirien inguruan. 2017-2022 epealdirako hitzarmena garatzeko akordioa da sinatu dutena. Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak izenpetu dute akordioa, Baionan. EEPren egoitzan aurkeztu dute.

Euskalgintzako eragile pribatuentzako diru laguntzak sustatzeaz gain, Jaurlaritzak eta EEPk elkarlanelako lau ildo nagusi zehaztu dituzte. Lehen lan ildoa helduen euskalduntzeari begirakoa izango da. Arlo horretan, Iparraldeko eta EAEko hizkuntza gaitasun egiaztagiriak baliokidetzeko neurriak hartuko dituzte. C1 mailako agiriarekin egin zen gisan, aurten, B1 mailako agiriaren baliokidetzea bultzatuko dute. Horrez gain, EEPk B2 mailako agiria sortzea erabaki duenez, Jaurlaritzako HABEko zerbitzuen laguntza jasoko du lan horretarako.

Bigarren lan ildoak Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatzea izango du helburu. Jaurlaritzak eta EEPk adostu dute elkarrekin sortutako adierazle sistemaren garapenean sakontzea.

Bi erakundeen arteko informazio trukea indartzea jaso du hirugarren lan ildoak. Itzulpenen kudeaketarako tresnak aztertuko dituzte eta terminologia adituekin lankidetza egituratzeko eta egonkortzeko urratsak iragarri dituzte, Iparraldeko termino bereziak finkatze aldera. Besteren artean, adostu dute Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak Euskalterm terminologia banku publikoan txertatzea, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde Iraunkorreko Batzorde teknikoetan iparraldeko adituak integratzea eta EEPk adituak proposatzea.

Laugarren lan ildoa inkesta soziolinguistikoekin dago lotuta. 2019an, bi erakundeek egindako ikerketak lau hizkuntzetan argitaratuko dira: euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez.

Miren Dobaranek bi erakundeen arteko elkarlanaren eraginkortasuna nabarmendu du: "Sinatu dugun eranskinari esker, diruz lagunduko da euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana, helduen euskalduntzean ari direnena, aisialdia euskaraz sustatzen duten eragileena edota euskarazko hedabideena". Bere esanetan, "argi dago dirua eta baliabideak jartzea ezinbestekoa dela hizkuntza politika eraginkorra aurrera eramateko, baina, nire iritziz, dirua baino garrantzitsuagoa da une honetan eratu dugun elkarlanerako gunea, elkarrekin egitasmo interesgarriak garatzeko oinarriak finkatzeko balio diguna".

Bestalde, Beñat Arrabitek bi aldeen arteko epe luzeko lankidetzaren izaera estrategikoa azpimarratu du, bai finantza laguntzari dagokionez, baita lankidetza teknikoari dagokionez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.