Preso bat hilda aurkitu zuten atzo Zaballako espetxean

Azken asteetan bi pertsona hil dira Zaballako espetxean (Araba). Azkena, atzo. Otsailean beste pertsona bat hil zen. Aurten, hiruk galdu dute bizia kartzela horretan.

Zaballako espexean, ireki zutenean 2012an. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko apirilaren 3a
18:02
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak kazeta honi baieztatu dio azken asteetan bi preso hil direla espetxe horretan. Atzo hildakoa, eguerdiko zenbaketan aurkitu zuten bere ziegan. Otsailekoa, goizeko zenbaketan. Biek "ustez" beren buruaz beste egin zuten.

Espetxe Zuzendaritzak ez du informazio gehiago eman nahi izan, azaldu duenez, "hildakoen eta euren familien nortasunak babestearren", eta kasuak "judizializatuta" daudelako. Adierazi du hilda aurkitu zituzten egunean bertan abisatu zituztela senideak eta Gasteizko Epaitegia.

Bihar xehetasun gehiago emateko asmoa duela azaldu du Salhaketak.

Aurtengo lehen hildakoaren harira elkarte horrek azpimarratu zuen Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak utzi egin diola kartzeletako heriotzen berri emateari; azken urteetan hildakoen %10 ere ez dituela jakinarazi salatu zuen.

Horrez gain, kritikatu zuen kartzeletako arduradunek familiei informazio oso urria ematen dietela heriotza argitzeko dituzten eskubideen inguruan. Eta neurriak eskatu ditu hori saihesteko; besteak beste, fiskalak ofizioz ikerketa zabaltzea kartzelan gertatzen diren heriotzen inguruan.

Heriotza "ez-naturalak"

Urtarrilaren 17an, 28 urteko gizon bizkaitar bat hil zen, kartzelako langileek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz. Salhaketak azaldu zuen heriotza saihesteko aukera izan zutela Arabako espetxeko arduradunek, ziegako kideak droga jaso zuen susmoa zabaldu zelako kartzelan —hark ere izan zuen gaindosia—. Prebentzio neurririk ez hartzea egotzi zioten espetxeko arduradunei.

Salhaketak nabarmendu zuen espetxe barruan gertatzen diren heriotzak ez direla naturalak: ez droga gaindosiak eragindakoak, ez suizidio bidezkoak. Heriotza horietan erakundeek ere erantzukizuna dutela azpimarratu zuen. Datu bat eman zuen: Espainiako Estatuko espetxeetan dauden presoen %80k dauka droga menpekotasunen bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.