Mendebaldeko Sahara

Marokok beste murru bat eraiki du Mendebaldeko Saharan

Nazio Batuen Erakundeak salatu du 80 kilometro hondarrezko murru bat egin dutela. Mendebaldeko Saharako errepresioa ere salatu du.

Marokok Mendebaldeko Saharan eraikitako harresiaren kontrako protesta, lurralde liberatuetan. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 4a
08:10
Entzun

Mahbes inguruan hondarrezko 80 kilometroko murru bat eraiki du Marokok. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak "larritzat" jo du eraikuntza, eta salatu du bi aldeek sinatutako akordio militarraren lehen puntua urratzen duela. Marokok eta Fronte Polisarioak Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioarekin sinatutako akordioak militarrik gabeko eremu bat zehazten du, eta itun horrek dio harresia eraitsi behar dela. Marokok, antza, gelditu egin ditu eraikuntza lanak, baina soldaduak ditu han hedatuta.

NBEk Mendebaldeko Sahararen egoeraz txosten bat egiten du sei hilabetero. Minursoko behatzaileek 30 kilometroko beste murru baten berri ere ematen dute azken txostenean. Auserd inguruan egin dute murru hori, egun dagoen murruaren paraleloan.

Marokok 2.720 kilometroko murru bat eraiki zuen Mendebaldeko Saharan, 1980. eta 1987. urteen bitartean. Fronte Polisarioak gerra irabaztea eragozteko eginiko harresia da Mendebaldeko Saharakoa. Marokok okupazioari eusten dio hesiaren bidez, gerra amaitu eta 25 urtera herri bat zatituz. Sahara bitan zatitzen du murruak, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera, lur emankorra alde batean, eta lur antzua bestean. Lubakiak eta alanbreak tartekatzen dira hondarrez eta harriz altxatutako metro eta hiru metro garai diren murru multzoen artean. Bost kilometrotik behin kontrol militar bat dago, eta hamabostetik behin, radarrak. Bunkerrak ere badaude tartean, eta 120.000-160.000 soldadu eremua gau eta egun ikuskatzen.

Mendebaldeko Saharan giza eskubideen ekintzaileek bizi duten errepresioa ere salatu du NBEk. Guterres "kezkatuta" agertu da autodeterminazio eskubide aldarrikatzen duten sahararren kontrako "kontrola neurrigabea" delako. Marokok Mendebaldeko Saharan kazetariak eta abokatuak sartzea ukatzen duela ere kritikatu du txostenak. Guterresek Segurtasun Kontseiluan aurkeztu du txostena eta aldeei "borondate politiko irmoa" eskatu die "irtenbide bat bilatzeko". Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.