'Brexit'-a

'Brexit'-a ekainaren 30era atzeratzeko eskatu dio Mayk Bruselari

Erresuma Batua EBtik irteteko epea urtebete atzeratzea proposatuko die gaur Europar Kontseiluko buru Donald Tuskek estatu kideei. Londres ez da horren aldekoa, uste baitu ezegonkortasun handituko lukeela.

Europar Kontseiluko buru Donald Tusk eta Erresuma Batuko lehen ministro Theresa May, artxiboko argazki batean. OLIVER HOSLET, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 5a
19:36
Entzun

Theresa May lehen ministroa martxoaren amaieran ere saiatu zen Europako Batasunetik irteteko epemuga ekainera atzeratzen. Baina ordu hartan hainbat baldintza jarri zizkioten haren eskaerari, maiatzaren 26ko Europako Parlamenturako bozetan parte hartzea eta Erresuma Batuan "ekitaldi politiko berri bat" egotea, alegia, gobernu berri bat osazeko bozak egitea edo irteerari buruzko beste erreferendum bat antolatzea. Baldintza horiek onartzeko prest egon ez, eta apirilaren 12ra atzeratu zuten brexit-a.

Baina Parlamentuak dagoeneko hirutan bota du atzera Bruselarekin hitzartutako akordioa, eta lehen ministroak ez du inola ere nahi akordiorik gabeko irteera. Ondorioz, aukera bakarra geratu zaio, irteera atzeratzeko eskatu eta EBko bozetan parte hartzea onartzea. Baina baldintza bat ere jarri dio atzeratzeari: Parlamentuak brexit-erako akordioa maitzaren 23a baino lehen onartuko balu —estatu kide batzuetan egun horretan hasiko dira Europarako ordezkariak aukeratzen—, Erresuma Batua lehenago irtengo litzateke Batasunetik, eta ez lituzke Europarako bozak egingo.

Mayren eskaera ez da izango brexit-arekin lotuta mahai gainean izango den proposamen bakarra. Izan ere, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea ere data atzeratzearen aldekoa da, baina ez ekainaren amaierara arte bakarrik, urtebetez baizik. Europar Kontseiluko buruak gaurko goi bileran aurkeztuko die proposamena EBko estatu kideei.

Tuskek berak antzeko proposamena egina dio aurretik Mayri, prozesua urte amaiera arte atzeratzeko aukera eskainiz. Baina Erresuma Batuko lehen ministroak ez du hainbeste itxaron nahi. Horrek "ezegonkortasuna handitu" eta politikariekiko konfidantza murriztuko lukeela argudiatzen du gobernuburuak. Baina oraingoan EBko buruak aukera emango lioke Londresi EBtik urtebetea igaro baino lehen irteteko, beti ere akordioa onartzen badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.