Finantzak

Jaurlaritzak bigarrenez jaulkiko ditu bonu jasangarriak

600 milioi euro eskuratu nahi ditu horrela, %83 gastu soziala finantzatzeko eta %17 ingurumen gastuetarako.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 8a
13:29
Entzun

Jaulkipena "lehenbailehen" egin nahi duela azaldu du Alberto Alberdi Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordeak. Merkatu baldintza "egokiak" ikusten ditu orain zorra saltzeko, interes tasa txikiak ordaindu beharko lituzkeelako. Hauteskundeen aurretik egitea hobetsi du, badaezpada ere.

Gaur goizetik inbertitzaileek eskuragarri dute informazioa Eusko Jaurlaritzaren webgunean.

Aurten, Herbehereetako inbertitzaileak ere erakarri nahi ditu Gasteizko gobernuak. BBVA, Santander, Caixa, Sabadell, Credit Agricole eta Norbolsaren bitartez bideratuko du jaulkipena.

Bigarren urtea

Iazko ekainean jaulki zituen lehen aldiz Jaurlaritzak bonu jasangarri deitutakoak, arrakastaz jaulki ere, eskaintza halako lau izan baitzeneskaria; 500 milioi bildu zituen orduan. Ehun inbertitzailek erosi zituzten bonuak, horietatik %65 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak. Hamar urteko epean itzuli beharko du zor hori, %1,45eko interesarekin urtero.

Bonu jasangarrien berezitasuna da bildutako dirua zertarako erabiliko den aldez aurretik jakinarazten zaiela inbertitzaileei, eta zorpetzea atera duen enpresak edo administrazioak xede horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela. Bonu tradizionalaren parekoa da, finantza ikuspuntu hutsetik, baina erabilera jakin bat izango duela agindutako bermearekin.

Beste jaulkipen bat, joan den astean

Bonu jasangarriak ez ezik, bonu arruntak ere jaulkitzen ari da Jaurlaritza.  Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak jakinarazi duenez, joan den astean 150 milioi euro jaso zituen merkatuetan. 30 urte barru itzuli beharko du zorra, eta %2,35eko interesa ordaindu beharko du. Erosleen %87 alemaniarrak izan ziren, aseguru etxeak eta pentsio funtsak nagusiki.

Iragan urtea 9.134 milioi euroren zorrarekin bukatu zuen Jaurlaritzak, Azpiazuren datuen arabera. Barne produktu gordinaren %13,6 da hori. Aurten %13,8ko muga bete beharko luke, Egonkortasun Planaren arabera, eta %13,2koa 2020an. "Argi eta zorrotz ari gara betetzen helburua", aldarrikatu du Azpiazuk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.