Sariak

Euskal Herria Zuzenean elkarteak jasoko du Proiektuari emandako Elkar saria

Talde lanak eta elkarlanak egitasmoan duten garrantzia nabarmendu du Elkar Fundazioak.

EHZ elkarteko kideak. MAIALEN ANDRES/FOKU
Miren Garate.
2019ko apirilaren 8a
12:58
Entzun

Bi urtean behin ematen du Elkar Fundazioak Proiektuaren Elkar saria. Euskal kultura garatzeko edo sustatzeko misioari begira beharrezko ikusten duen egitasmo bati edo dagoeneko martxan dagoen bati ematen dio, eta Euskal Herria Zuzenean elkartearentzat izango da aurtengoa. "Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira, kultur mugimendua sustatuz euskal kulturaren alde lan handia egiten duen ekimena da", aipatu du Jose Mari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak.

Festibalaren bi balio nabarmendu ditu: elkarlana eta talde lana. "Bi balio horiek oso garrantzitsuak dira Elkar Taldearentzat ere, beti lan egin izan duelako beste kultur taldeekin eta instituzioekin ere, betiere askatasunetik". Era berean, musikatik abiatuta kultur adierazpide anitz eta aberatsak osatzeko egiten duen lana aitortu nahi dio, bai eta euskal musikari "behar duen lekua eta duintasuna" emateko egiten duen ahalegina ere.

10.000 euroko laguntza dakar sariak, eta esker onez hartu dute EHZko kideek. Eten bat egin zuen jaialdiak iaz, eta belaunaldi berri batek hartu du antolatzeko ardura aurten. Julen Oillarburu ekarteko kidearen esanetan, prestakuntzari eta tailerrei garrantzi berezia emango diete, "ahaztu gabe eskaintza kultural aberatsa proposatuko dugula urtero bezala". Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izango da aurtengo ekitaldia, Nafarroa Behereko Irisarri herrian.

EHZko kideek maiatzaren 9an jasoko dute saria, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egingo den ekitaldian. Ekitaldi hori baliatuko dute Lua Kastore antzezlanaren estreinaldia egiteko ere; hain zuzen, iazko Joseba Jaka beka irabazi zuen Ma kolektiboak proiektu horrekin (urtero txandakatu egiten dira Proiektuari Elkar saria eta Joseba Jaka beka). Era berean, orduan jakingo da norentzat den aurtengo Ibilbideari Elkar saria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.