Nazioarteko literatura ardatz Euskaltzaindiaren hurrengo jardunaldietan

Maiatzaren 16 eta 17an egingo dituzte ‘Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak’ jardunaldiak Bilbon. Izena emateko epea zabalik dago gaurtik eta maiatzaren 13ra bitarte.

jarraia164938.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko apirilaren 8a
17:59
Entzun

Emaitzaz gaindi, prozesuari eta bideari erreparatu behar zaiola esaten da maiz. Horrelako zerbait ikusarazi nahi du Euskaltzaindiak datorren hilean egingo dituen topaketetan. Literatura izango dute abiapuntu, eta idazleen sorkuntza prozesu osoaren berri emango dute. Aurelia Arkotxa jardunaldiko koordinatzaileak asmoa laburbildu du. "Ez da bakarrik idazleak publikatu duena eta argitaratu duen hori; baizik eta atzean ere, tailerren, prestatu duen liburuaren itzalean den hori kontutan hartu nahi dugu”. Horretarako, bi osagai bildu dituzte: nazioarteko 26 hizlari eta idazle andanaren testuak. Jasotako agiri idatziak askotarikoak izango dira; idazleen artxibo osoaren erakusleihoa. Sorkuntza lan osoaren beste elementu bat gehitu du Arkotxak: “ Oinarria idazleen artxiboak dira, baina ez edozein idazle: Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen dituzten idazleak”. Horiek izango dituzte solasgai parte hartzaileek ‘Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura artxiboak’ jardunaldian.

Ekimena Euskaltzaindiaren mendeurrenaren baitan kokatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak: “Literatura letra larritan jarrita, horixe izango dugu datorren hilean maiatzean egingo dugun ekitaldiaren ardatza eta muina”. Azpimarratu du gainera, literatura “fenomeno unibertsal” gisa ulertzen duten heinean euskal literaturaz aparte bestelako literaturak barnebiltzea ere ezinbestekoa dela. Horren adierazle ere bada Parisko Item -Institut des textes et mansucrits modernes- entitatearekin elkarlanean ondu dutela jardunaldia. Izan ere, hiru hizkuntza erabiliko dituzte- euskara, gaztelania eta frantsesa- eta aldibereko itzulpena egongo da.

Bi egunez sei saio eskainiko dituzte Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute,. Halere, espazio mugatua den heinean, izena ematea ahalik eta arinen egitea komeni dela ohartarazi dute antolatzaileek. Telefonoz zein posta elektronikoz apuntatzeko aukera dago gaurtik eta maiatzaren 13ra bitarte. Irailetik dabiltza Hurrengo jardunaldiak uda partean egingo dituzte. Horietan, onomastika, gramatika eta teknologia berriak eta euskararen arteko harremana aztertuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.