Gizon bat atxilotu dute Donostiako Ibaetan sute bat eragin eta gizon bat hiltzea egotzita

Martuteneko kartzelan sartu dute. Ostegunean atxilotu zuen Ertzaintzak, Bergaran. Poliziak uste du bikotekide oiharen kontra mendekua hartu nahi izan zuela erasotzaileak.

Suhiltzaileak, martxoaren 1ean Donostian piztutako sutea itzaltzeko lanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2019ko apirilaren 8a
07:38
Entzun

Martxoaren 1eko goizaldean gertatu zen, Donostiako Zubiberri Bidean, Infernua deitzen duten Ibaetako inguruan. Utzitako etxe batek su hartu zuen. Hainbat etxegabek erabiltzen zuten eraikin hura lotarako. Etxeak su hartu zuenean, hiru gizon zeuden barruan. Bik lortu zuten garretatik ihes egitea; erredurak zituzten. Beste gizona bertan kiskali zen.

Suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek berehala esku hartu zuten, eta sutea kontrolpean hartu zutenean, haiek aurkitu zuten kiskalitako gizonaren gorpua.

Poliziek lehen momentutik adierazi zuten nahita piztutako sute bat izan zela, edo zantzu guztiek hori adierazten zutela bederen. Astelehen arratsalde honetan jakinarazi dutenez, 49 urteko Bergarako gizon bat hartu zuten susmagarri nagusi gisa. Gizon hori etxe horretan bizitakoa zen, eta garai hartan bikotekide bat zuen.

Ertzaintzak ez du xehetasun gehiago eman, baina azaldu du gizon horrek bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindu bat zuela gaur egun, eta, hain justu, haren kontra mendeku hartzeko eman ziola gizonak eraikinari su.

Ertzaintzak esplikatu du gizon horren arrastoa jarraitzen aritu dela martxoaren 1az geroztik. Ikusi dute otsailaren 28ko goizean Donostiako autobus geltokira iritsi zela, eta sutea gertatu eta handik minutu batzuetara tren bat hartu zuela Donostiatik alde egiteko. Jakin ahal izan dute, gainera, beste gizon batik enkargatu ziola bost litro gasolina erosteko. Hori izan zen sutea pizteko erabilitako erregaia.

Ertzainek ostegun goizean atzeman zuten gizona, Bergaran, etxetik ateratzen ari zenean. Sua piztea, hilketa eta lesioak eragitea leporatu zioten. Ostiralean utzi zuten Donostiako Instrukzio Epaitegiko 3. aretoko epailearen eskuetan; Martutenen giltzapetzeko agindu zuen hark.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.