Andre Darraidou

«Prefetak XIX. mendeko arauak erabiltzen ditu gu auzipetzeko»

Andre Darraidou, Ezpeletako auzapez izateaz gain, Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko lehendakaria da, eta euskal departamenduaren aldeko hautetsi ezaguna.

Eneko Bidegain.
2005eko martxoaren 31
11:36
Entzun

Andre Darraidou auzitan izanen da gaur. Baionako suprefetak abiatu salaketa baten ondotik, Paueko prefetak Lapurdi eta Baxenabarreko 25 udal auzitan ezarri ditu, euskal departamenduaren aldeko hautetsien elkarteari diru laguntza emateagatik. Auzia gaur goizean iraganen da Paueko Administrazio Auzitegian. Auzitegiak erabakitzen badu laguntza legez kanpokoa dela, udalek diru laguntza hori kendu beharko dute. 10 eta 150 euro bitarteko laguntzak dira.

Udalak desobedientzia zibila praktikan jartzen hasi direlako seinale ote da auzi hori?

Egin duguna ez da desobedientzia zibila. Diru laguntza hori eman dugu, gure eskubidea dela uste dugulako. Prefetaren argudioa da euskal departamenduaren aldeko elkartea laguntzea ez dela udalaren intereseko gaia. Gure iritziz, departamendu bat ukatea udalaren interesa da, boteregunea eta administrazioa hurbilago ukanen genituzkeelako. Euskararen ofizialtasunak, berezko unibertsitateak eta laborantza ganberak ere erabateko interesa dute guretzat. Prefetak XIX. mendeko kodea erabiltzen du gu auzipetzeko.

Zuen ondotik bertze udal batzuek ere bide bera hartuko ote dute?

Duela bi urteko ekimena da. Orain Euskal Herriko Laborantza Ganberari diru laguntzak ematea proposatuko da. Ez dakit Prefetak nola erranen digun ezin dugula egitura hori diruz lagundu. Berez, juridikoki, Laborantza Ganbera laborantzaren garapenaren aldeko elkarte gisa definitua da, beste elkarte anitz bezala.

Diru laguntza eman duten Zuberoako herriek zergatik ez dute auzirik?

Prefetak egin du auziaren jarraipena, baina hastapenean Baionako suprefetak eskatu zigun diru laguntza erabakia kentzea. Guk, suprefetaren eskariaren gainetik, diru laguntzari eutsi genion. Horregatik doa auzia epaitegira. Egia da Zuberoako herriek ez dutela auzibiderik. Bitxikeria bat da. Baionako suprefetak nardatu nahi gintuen, Oloroekoa lasaiago dabil.

Paradoxa bat da.

Okaztagarria da. Arauak pertsonen aldartearen arabera betetzen dira. Hori baldin bada herri baten kudeatzea, horrek anitz inarrosten nau.

Suprefetaren jarrera politikoa dela salatzen duzue. Zuek departamenduak udalentzat lituzkeen aukera ekonomikoak azpimarratu dituzue. Baina diru laguntza horren ematea ere ez ote da hautu politiko bat?
Badira 25 urte hautetsi talde bat euskal departamenduaren sortzea aldarrikatzen ari garela. Aldarrikapen politikoa da. Gure eskaerak aitzina segitzen du, 159 auzapezetatik 85 agertu dira euskal departamenduaren alde. Gehiengo arras argia dago horren alde. Gehiengoaren aldarrikapenaren alde ekitea gure betebeharra da.

Azken hilabeteetan euskal departamenduaren aldeko mugimenduaz deus gutxi hautematen zen. Prefetaren ekimenari esker kanpaina horrek hats berri bat ukanen ote du?
Gisa batez aldarrikapenaren publizitateari hats berri bat ematen dio. Gaia aipagaietan ezarri du, eta horretaz mintzatzeko aukera ematen digu. Bada zenbait urte pareta baten aurrean garela eta ez dela deus aldatzen. Herri kontsulta herritar baten antolatzeaz gogoetatzen ari gara. Frantziako Konstituzio berria aztertzen ari gara. Juridikoki ikertu nahi dugu eskakizunaren aukera nola obra daitekeenÉ

Noiz antolatuko zenukete herri kontsulta?
Oraindik ez dakigu. Horretan ari gara. Herri kontsulta bat eskatu ahal izateko, biztanleen %10en sinadurak bildu behar dira. Hots, halako kontsulta bat Pirinio Atlantikoetan antolatu behar litzateke, eta, beraz, departamendu osoko 50.000 biztanleren sinadurak behar genituzke. Horrek antolaketa bat eskatzen digu. Nork antola dezake? Hori guztia lantzen ari gara. Baina sinadura guztiak bildu ondoan ere, Konstituzioak ez du kontsulta baten antolatzea behartzen. Eskaerak ez du derrigorrez hori eragiten. Beraz oztopo ugari dago.

Kontsulta udalek antola dezakete?
Ihardets diezagukete hori ez dela gure eskumena, baizik eta departamenduarena dela. Ez dugu uste 159 udalek holako kontsulta bat antolatzea onartuko luketela. Hori ere lantzen ari gara, testuak ongi ulertzen. Orain Frantziako Ariege eskualdean herri kontsulta bat abiatu nahi dute transgenikoen inguruan. Hango Kontseilu Nagusiak du kontsulta bultzatu nahi, baina gaia Administrazio Auzitegian da, hango prefetak salaketa jarri baitu erabaki horren kontra. Admnistrazioak gauzak moztu nahi ditu, nahiz eta Konstituzioak ahala ematen duen.

Frantziako Estatuari, itxura guztien arabera, ez zaio aski Batera-ren aldarrikapenei ezetz erratea. Aldarrikapen horren obratze borondateari ere erroak moztera ahalegintzen dela erran daiteke.
Pena ematen didana da jende batzuek herri baten alde mugitu nahi dutela, eta jende horiei lan egitea trabatu nahi dietela, eta ez dela onartzen haiekin eztabaida irekitzea. Hala ere, Garapen Kontseilua, Hautetsien Kontseilua eta horiek sortu ziren euskal departamenduaren aldarrikapena bazegoelako. Laborantza Zerbitzua duela hiru urte baino indartsuagoa da, Ainhiza-Monjeloseko ganbera sortu delako. Euskara Egitura Publikoa sortu da euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen delako. Horiek denak aitzinamenduak dira, ez nahi dugun heinekoak, baina horiek frogatzen dute ez dugula amore eman behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.