Hizkuntza eskubideak

Espainiako Estatuari eskatu diote hizkuntza guztiek eskubide eta betebehar berdinak izateko

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten beste hainbat eragilek sortu dute 'Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia' izeneko dokumentua.

jarraia165043.jpg
2019ko apirilaren 10a
19:06
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, aragoieraren, asturieraren, euskararen, galizieraren eta katalanaren aldeko zenbait gizarte eragilek dokumentu bat adostu dute. "Kezkatuta gaude hainbat alderdi mehatxuka ari zaizkigula maiatzetik aurrera gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea are gehiago murriztuko digutela", adierazi du prentsaurrekoan Paul Bilbao Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. Dokumentu horretan eskatzen diete alderdi politikoei zenbait konpromiso hartzeko, "bidezko gizarte plurala eta demokratikoa bermatzeko". "Aldibereko agerraldia" izan da, Donostian ez ezik, Valentzian, Pontevedran eta Bartzelonan ere egin dutelako agerraldia gainerako eragileek.

Bilbaok azaldu duenaren arabera, lau premisa zehazten ditu dokumentu horrek: "hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira, eta erabilera da demokraziarako bermea; ez da kapritxoz egindako eskakizun bat; gaur egun, estatuko testuinguruan, milioika hiztunez ari gara; eta laugarrena, estatuak historikoki hainbat itun berretsi ditu, eta iruditzen zaigu badela garaia itun horiek behar bezala betetzeko".

Bestalde, "sei konpromiso zehatz" eskatu dizkiete alderdi politikoei: gaztelaniari aitortzen zaizkion eskubide eta betebehar berberak aitortzea gaztelania ez diren berezko hizkuntzei, "zentzuzko" neurria hartzea hizkuntza horien ezagutza hedatzeko, Espainiako Estatuak bere gain hartzea izaera eleaniztuna administrazioetan, oraindik ofizialak ez diren berezko hizkuntzak ofizial bihurtzeko estatu erreformak egitea, gaztelaniaren legezko inposizioa bertan behera uztea, eta hizkuntza eremu bereko lurraldeen artean hizkuntza desberdinen erabilera administratiboa ahalbidetzea.

Kontseiluak jakinarazi du hurrengo pausoa izango dela alderdiekin elkartzea, zehaztu dituzten konpromiso horien berri emateko. Aurreikusten dute ekainean Madrilen biltzea gainerako eragileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.