Espainiako hauteskundeak

Madrilen eragin, ala eskuina sendotu

Ofizialki, abiatu dute kanpaina Hego Euskal Herriko alderdiek. Aldaketak espero dira 2016ko bozekin alderatuta. Alderdi abertzaleak Kongresuan eragiteko ahalmena berreskuratzen saiatuko dira. Nafarroan, ikusteko dago eskuinaren batuketak zein emaitza ematen duen.

EAJk Espainiako hauteskundeetarako osatu duen programaren aurkezpenerako agerraldia, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO, EFE
Edurne Begiristain.
2019ko apirilaren 12a
13:44
Entzun

Gauerdian abiatu dute ofizialki hauteskunde kanpaina Espainiako Gorteetarako bozetara aurkeztu diren Hego Euskal Herriko alderdiek. Kanpainak iraun artean, alderdiek euren aldeko botoa eman dezatela eskatu ahal diete herritarrei. Itxaropen eta helburu oso ezberdinekin aurkeztuko dira batzuk eta besteak bozetara. Alderdi abertzaleak Kongresuan eragiteko ahalmena berreskuratzen saiatuko dira. Madrilera eragitera joan nahi dutela diote EAJk eta EH Bilduk, baina horretarako indar nahikoa izan behar dute. 2016ko hauteskundeetan, indarrez sartu zen Ahal Dugu agertoki politikora, eta argi geratu zen mobilizatu gabekoak mugiaraztea lortu zuela, gainerako alderdien boto asko zakura eramanda. Ahal Dugu-ren marea morearen olatuaren ondorioz, eserleku bat galdu zuten jeltzaleek Bizkaian, eta, orain, diputatu hori berreskuratu eta are indartsuago egon nahi dute Madrilen. EH Bilduk, duela hiru urte pairatutako hondoratzea atzean utzi, eta 2015ean eta 2016an Podemosen mesedetan galdutako eremua berreskuratzea du xede. PSEk, berriz, zentro guztia du irabazteko, PPk are eta eskuinagora egin ostean. Eta, Nafarroan, ikusteko dago eskuinaren batuketaren emaitza. Hainbat inkesta kaleratu dira azken asteotan Espainiako Gorteei begira, eta antzeko emaitzak iragarri dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ahal Dugu-ren jaitsiera nabarmena aurreikusi dute bai Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak bai CISek, eta EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk jasoko lituzkete eserleku horiek.

Kanpainari hasiera emateko ekitaldiak egiten hasiak dira alderdiak. Espainiako hauteskundeetarako proposamenak azaltzeko eta herritarrak konbentzitzen saiatzeko abagunea dute; argudioak aletzekoa, aurkariaren mezuak ahultzekoa edo atxikimendu sentimenduak sorraraztekoa.

Nafarroan, Geroa Baik Iruñean antolatu du ekitaldia. Foruen monumentua aukeratu du kanpaina abiatzeko. Koldo Martinez Kongresurako zerrendaburua babestu du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. Martinezek UPNren aurka jo du, eta adierazi du Navarra Suma eskuinen arteko koalizioak ez diola ezer gehitzen Nafarroari. Aldiz, "autogobernu, foru sistema eta eskubide sozial gutxiago" nahi dituela ohartarazi du. Proposamen horri kontrajarri dio Barkosen gobernuaren jarrera. "Uxue Barkosen gobernuak 640 milioi ekarri ditu Nafarroara, Itunaren negoziazioarekin. Ahalegin horretan ez genuen UPNren eta PSNren babesa izan".


GEROA BAI, @geroabai

Navarra Sumak Geroa Bairen ekitalditik metro gutxira egin du berea, Gazteluko plazan. Javier Esparza UPNko buruak argi adierazi du eskuineko koalizioa "nazionalismoaren kontra" sortutako proiektua dela. PSNrengandik urrundu nahi izan du. Esparzaren esanetan, Navarra Sumak ez du sekula nazionalistekin itunik sinatuko. Haren esanetan, PSNk hala egin duela dirudi. Esparzak Barkosi leporatu dio "Nafarroaren defentsa" EAJren esku uztea.


NAVARRA SUMA, @navarra_suma

PSNk Iruñeko bere egoitza nagusian ekin dio kanpainari. Maria Txibite alderdiko idazkari nagusiak Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernua goraipatu du. Haren esanetan, asko dago jokoan apirilaren 28ko bozetan. "Atzera bueltatzea ala jendearen bizitza hobetzeko aurrerapausoa ematea. Hori da hauteskunde kanpaina honetan erabakiko dena".  Santos Cerdan Kongresurako hautagaiak adierazi du PSNk moderazioaren eta elkarrizketaren aldeko apustua egiten duela, beste alderdi batzuek ez bezala.


PSN, @PSNPSOE

EAJk Araban hasi du hauteskunde kanpaina, eta berme gisa aurkeztu du bere burua eskuina geldiarazteko eta autogobernua eta gizarte eskubideak defendatzeko. "Indarra, seriotasuna eta egiten jakitea", hiru ezaugarri horiek egokitu dizkio EAJri Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak. Estebanek aurreratu du PSOEk ez diela euskal herritarren interesei erreparatuko Ciudadanosen eskutik Espainian gobernua osatzeko aukera baldin badu.

EH Bilduk ere Araba aukeratu du kanpaina hasierarako. Hain zuzen, herrialde horretan dago estuen alderdien arteko lehia. Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak lehia horri erreparatu dio. Adierazi du Javier Maroto PPko hautagaia Kongresutik kanpo uzteko boto gutxira dagoela koalizioa. "Soilik lortuko dugu saiatzen bagara eta gogor lan egiten badugu". Ruiz de Pinedok ziurtatu du EH Bildu eskuina "geldiarazteko" ezinbestekoa izango dela, eta "eskubideetan eta askatasunetan sakontzeko erabakigarria".

Elkarrekin Podemosek ere Araba aukeratu du kanpainari ekiteko. Lander Martinez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak adierazi du gizarte politikak garatzeko aukera eta EAEko autogobernua daudela jokoan Espainiako hauteskundeetan. Horiek arriskuan ez jartzeko, Martinezen iritziz, ezinbestekoa da eskuineko indarren gobernua eragoztea, baina baita PSOEren eta Ciudadanosen arteko balizko gobernu itun bat eragoztea ere. Elkarrekin Podemos indartsu bat beharrezko jo du bi aukera horiek oztopatzeko.


JOSE RAMON BECERRA, @JoseRa_Becerra

 

Araba. Azken eserlekua dantzan

Indarrak neurtzeko plaza da Araba. Lehia estua egon ohi da hauteskunde orotan, eta hala izango da Gorteetarako bozetan ere. Herrialdeari launa eserleku dagozkio Kongresuan eta Senatuan. 2016ko Gorteetarako bozetan eserleku bana eskuratu zuten Kongresurako Elkarrekin Ahal Dugu-k, PPk, EAJk eta PSEk, hurrenez hurren. Orduko hartan, inkestek iragarritakoaz bestera, PSEk ordezkariari eutsi egin zion, eta aldiz, diputatu gabe gelditu ziren EH Bildu eta Ciudadanos. Inkesta gehienek iragarri dute lau indar politikoen arteko lehia egongo dela, eta EAJ, PSE, Ahal Dugu eta PPk ordezkari bana lortuko dutela datorren legealdian. Alderdi guztiek indar berezia jarriko dute Araban kanpaina honetan, jakina baita oso banatuta dagoela botoa herrialdean. Hain justu, EAJk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta PPk Gasteiz aukeratu dute kanpainari hasiera emateko. Hala ere, inkestek zalantza asko utzi dituzte airean, laugarren eserlekua nork eskuratuko duen ez baitago batere argi. Boto gutxi batzuk erabaki dezakete balantza EH Bilduren ala PPren alde. Gakoa, beraz, bi alderdi horien arteko lehia estuan egon liteke. 2015eko eta 2016ko Gorteetarako hauteskundeetan PSEk erdietsi zuen laugarren eserleku hori: 25.331 botoekin lortu zuen 2015ean, eta 26.381 botoekin 2016an. Soziometroak kaleratutako inkestaren arabera, ordea, azken diputatu hori PPk lortuko luke, eta haren atzetik geratuko litzateke EH Bildu; ordezkaririk gabe, beraz. Bien arteko aldea 6.500 boto ingurukoa litzateke. 2016an, Ahal Dugu izan zen gehien bozkaturiko alderdia herrialdean, bozen %30,9 eskuratuta eta gainerako alderdiei alde nabarmena aterata. Orain oso zail izango du orduko emaitzak berritzea, baina gaur egun duen diputatuari eutsiko dio ziurrenik. 2016an, EH Bilduk urrun izan zuen azken eserlekuaren borrokan sartzea, eta orain, orduan bezala, apustu egingo du hautagai berri batekin: Iñaki Ruiz de Pinedo ezker abertzaleko beteranoarekin. PPk ere asko du jokoan lurraldean. Hainbat urtez bere gotorlekua izan du Araba, baina boto galera etengabea izan du azken hauteskundeetan. Madrilen Arabako PPk duen eserlekuari eusten saiatuko da Javier Maroto.

Bizkaia. EAJ nagusitasunaren bila

Bizkaira ere marea morea iritsi zen 2016ko bozetan, Ahal Dugu lehen indar bilakatu zen herrialdean, eta nagusitasuna kendu zion EAJri, jeltzaleen betiko gotorlekuan. Botoetan alde txikia atera arren (3.700 boto baino ez), jokoan zegoen azken diputatua eskuratu zuen Ahal
Dugu-k, EAJren kaltetan. Orain, EAJren eta Ahal Dugu-ren arteko lehiarik ez da aurreikusten, eta jetzaleek erraz lor dezakete lehenengo indarra izatea, hiru diputatu eskuratuta. Ahal Dugu-ren boto bilakaera gakoa izango da, halaber, PSEra bueltatuko den boto kopurua ikusteko. Kontuan hartu behar da 2016an Ezkerraldeko herri guztietan, historikoki PSEren gotorlekuan, lehen indarra izan zela Ahal Dugu, toki batzuetan, botoen %35 baino gehiago lortuta. Sozialistek espero dute orduko odolustea ixtea eta emaitzak hobetzea orain. EH Bilduk, berriz, Ahal Dugu 2016an indartsu egin zen hiriguneetan dauka erronka nagusia. Sozialisten antzera, azken urteotako boto galera etetea eta eremu hori berreskuratzea du xede. PPri dagokionez, emaitza aurreikuspenak ez dira batere onak Bizkaian. Inkestek iragarritakoa betez gero, kezkatzeko arrazoiak baditu PPk, diputaturik gabe gera litekeelako Bizkaian eta Beatriz Alvarez Fanjul zerrendaburu berria Kongresutik kanpo.

Gipuzkoa. Lehia abertzaleen artean

Duela hiru urte, abertzaleak izan ziren Gipuzkoan gehien nabaritu zutenak Espainiako bozak izatea, Podemos-Ahal Dugu efektua eta, neurri batean, baita abstentzio handia ere. Ahal Dugu-k irabazi zituen bozak herrialdean bi eserleku lortuta, eta EAJrekiko eta EH Bildurekiko aldea handituta 2015eko bozekin konparatuta. Koalizio subiranistak galdu zituen boto gehien 2015eko bozekin alderatuta, eta oso urrun geratu zen 2011n Amaiurrek lortutako emaitzetatik. Oso bestelako panorama aurreikusi dute inkestek orain: EH Bilduk eskuratuko luke Ahal Dugu-k galdutako aulkia eta 2011n Amaiurrekin lortutako bi diputatu eskuratuko lituzke. Koalizio subiranistak bezala, bi diputatu lituzke EAJk ere, eta PSEk bakarra. PPk azken hauteskunde zikloko beheranzko joerarekin jarraituko luke herrialdean, eta ordezkaririk gabe geratuko litzateke, inkesten arabera. Beste zalantza bat argitzeko geratzen da: abstentzioa zenbatekoa izango den. Izan ere, duela lau urte Espainiako bozetan inoizko handiena izan zen herrialdean, 2008 eta 2000koak kenduta.

Nafarroa. Unionismoa batuta, gakoa

Nafarroan unionistek analisi argia egina dute: elkarrekin badoaz, euren interesetarako hobea da, batu egiten dute. Nafarroako eskuineko hiru alderdi nagusiak (UPN, PP eta Ciudadanos) elkarrekin aurkeztuko dira Navarra Suma izeneko koalizioaren aterkipean, jakinik bakarrik aurkeztuta ahultzeko arriskua zutela. Formula horrek norainoko arrakasta izango duen ikusteko dago, baina, inkesten arabera, badirudi jokaldia ez zaiela gaizki aterako eta bi diputatu lor ditzaketela. Historikoki, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Nafarroako Parlamentukoetan baino emaitza hobeak lortu izan dituzte sozialistek, baina 2015eko eta 2016ko bozetan ez zen hala izan. Oso bestelako panorama aurreikusten da orain, PSOEk Espainian izan dezakeen gorakada irits daitekeelako Nafarroara ere. CISeko inkestaren arabera, PSN litzateke gehien bozkaturiko indarra herrialdean, bi eserlekurekin. Nafarroari bost eserleku dagozkio Kongresuan, eta lau Senatuan, eta, beraz, zail du EH Bilduk diputatua lortzea. Eserlekua lortzeko langa 45.000 bototik gorakoa da, eta 34.900 erdietsi zituen 2016an. Ahal Dugu-k behera egingo duela aurreikusten da, baina eserleku bat lortuko duela ia ziurra da (81.216 boto eskuratu zituen duela lau urte).Kongresura bakarrik aurkeztu beharko du Geroa Baik, eta zail dauka eserlekua lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.