ezbeharra

Parisko Notre Dame katedralaren gaina kiskali du sute batek

Suhiltzaileak bertan dira 19:00etatik. Fiskaltzak inkesta bat ireki du, sutea nola sortu den argitzeko. Katedralaren erdiko dorre zorrotza erori egin da, baina egituraren parte handiena salbu dela uste dute suhiltzaileek. Berreraikiko dutela hitzeman du Macronek.

jarraia165258.jpg
2019ko apirilaren 15a
07:09
Entzun

18:50 inguru zirela, su hartu du Parisko Notre Dame katedralak, astelehen honetan. Ke zutabe handiak sortu dira, eta sua azkar zabaldu da teilatu guztian; erabat kiskali du katedral gotikoaren goiko aldea. Teilatuaren azpiko egitura metalikoari ere eragin dio suteak, eta baita eraikina berriztatzeko inguruan jarri duten aldamio handiari ere.

Eraikinaren erdi parean zegoen dorre zorrotzaren egitura erori egin da, suak janda.

Suhitzaileak lekura joan dira berehala, eta sua kontrolpean hartu nahian aritu dira. Oraindik ez dute jakinarazi nola sortu den sutea, baina obretan dago katedrala, eta hedabide batzuek zabaldu dute beharbada obra horiekin zerikusia izan dezakeela ezbehar honek. Parisko Fiskaltzak ikerketa bat hasi du, eta auzitegietako poliziaren esku utzi ditu lan horiek.

Apaiz baten hitzak jaso ditu Libération egunkariak; haren arabera, eraikinaren barruko arte lan guztiak salbatzea lortu dute, eta ez dute kalterik. Suhiltzaileen ordezkari batek gauerdi partean adierazi du oraindik tentuz ibili behar dutela, baina uste dutela katedralaren egitura nagusia salbatuko dela.

Bisita gehien jasotzen dituen Europako eraikin historikoetako bat da Notre Dameko katedrala —urtean hamabi milioi bisitari izaten ditu—, eta lekuko askok grabatu dute sutea irudietan.

Emmanuel Gregoire Parisko Udaleko hautetsiak eskatu du lekuak husteko eta segurtasun eta larrialdi zerbitzuei lanean uzteko. Hala ere jendetza handiak bildu dira sutea ikustera, hunkituta eta negarrez haietako asko. Kantuan ere aritu dira. Frantziaren ikur nazional bat kiskali dela sentitu dute askok.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 20:00etan agerraldi bat egin behar zuen; Jaka Horien protestei eta krisiari aurre egiteko indarrean jarri zuen eztabaida nazionalaren ondorioak aurkeztu behar zituen. Baina suteak hankaz gora jarri ditu gobernuaren planak. Agerraldia bertan behera utzi du Macronek, eta lekura joan da. Agintari ugari bildu dira eraikinaren inguruan iluntzean.

Mezu sentitua idatzi du presidenteak Twitter sare sozialean, "katoliko guztiak eta frantziar guztiak" gogoan hartuz: "Gure zati den hau sutan kiskaltzen ikusteaz triste naiz arrats honetan".

Lanean aritu diren 500 suhiltzaileei eskerrak eman dizkie Macronek. Haien lanari esker "okerrena" saihestu dutela adierazi du, nahiz eta gauerdian oraindik sutea erabat mendean hartu gabe zegoen. Agindu du balibide guztiak jarriko dituztela katedrala berregiteko.

Mundu osoan zabaldu dira dolu eta elkartasun mezuak, eta Unescok bere laguntza eskaini dio Frantziako Gobernuari, eraikina berregiteko lanetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.