Erresuma Batua

300 manifestari inguru atxilotu dituzte Londresen, manifestazio ekologistetan

Erresuma Batuko Gobernuari klima aldaketari aurre egiteko neurriak eskatu dizkiote azken egunetako mobilizazioetan. Hiriko hainbat errepide moztu dituzte.

Manifestari ekologisten manifestazio, Londresko Waterloo zubian. ANDY RAIN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 17a
13:22
Entzun

Ia 300 dira Extinction Rebelion talde ekologistak azken egunetan deitutako mobilizazioetan Poliziak atxilotu dituen manifestariak. Protestek hiriko hainbat errepide blokeatu dituzte, Erresuma Batuko Gobernuari klima aldaketaren kontrako neurriak exijitzeko. "Inoiz ez bezalako larrialdi gobalari" aurre egiteko beharraz ohartarazi dute.

Poliziak jakinarazi duenez, 290 manifestari atxilotu dituzte; kasu gehienetan, protesta ekintzak zehaztutako eremuetara ez mugatzeagatik eta Poliziaren aginduak ez errespetatzeagatik.

Manifestariak Londresko hiru gunetan bildu dira nagusiki. Marble Arch, Oxford Circus eta Waterloo zubian izaten ari dira mobilizazio handienak. Errepideak itxi dituzte gune horietan.

Sadiq Khan hiriko alkateak adierazi du ulertzen dituela ekintzaile ekologisten protestak, baina oso kezkatuta agertu da manifestariek metroan egin asmo dituzten protestengatik. "Manifestazio etengabeak kalte larriak eragiten ari dira garraio publikoan, tokiko negozioetan, eta Londresko hiritarrek beren eguneroko lana egin nahi dute".

Antolatzaileek nabarmendu dute klima aldaketaren kontrako protestak egin direla beste 33 herrialdetako 80 hiritan. Extinction Rebelionek bi astez luzatu nahi ditu Londresko mobilizazioak. Gobernuari eskatu dio larrialdi egoera klimatikoa eta ekologikoa ezarri dezala, eta zerora murriztu ditzala CO2 isuriak 2025 urterako. Horrez gain, herri batzar batera deitzeko eskatu dio, planetaren berotzearekin zerikusia duten erabakiak aztertzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.