Herrien Besarkada ekitaldia egingo dute Durangon maiatzaren 5ean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak deituta, elkartasun besarkada erraldoia egingo dute Durangon maiatzean. Europako beste herri batzuetan ere aldi berean egingo dute ekintza, "neofaxismoa eta politika migratzaileak" salatzeko.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren eta Eskubide Sozialen Kartak gaur goizean Bilbon egin duten agerraldiko irudia. ARITZ LOIOLA, FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko apirilaren 17a
18:26
Entzun

Europak bizi duen garaiari erreferentzia eginez, maiatza "borrokaren ikur" bihurtu nahi dute. Herrien Besarkada kanpaina jarri dute martxan horretarako. Europako hamaika txokotan, Euskal Herria barne, elkartasun besarkada erraldoia egingo dute kontinenteak bizi duen "olatu neofaxista" salatzeko. Euskal Herriko deialdia aurkeztu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Durangon izango da, maiatzaren 5ean, 12:00etan. Herritarrei ekinaldian parte hartzera dei egin diete. Zortzi errenkadatan antolatuta, "herrien, pertsonen eta eskubideen arteko" besarkada egingo dute.

Bi norabide ditu egitasmoak, eta hala azaldu du Ana Perez bozeramaileak: "Batetik, baztertutako kolektiboen kontrako politika kriminalak salatu nahi ditugu, eta, bestetik, politika neoliberalei aurre egin eta pertsona guztientzako eskubideak defendatzeko konpromiso tinkoa adierazten dugu". Instituzioei leporatu diete krisi soziala eta ekonomikoa migratzaileen gain jartzen duen diskurtso "manipulatua" helarazi izana. Horrela eliteen erantzukizuna saihesten dutela azaldu du Perezek.

"Neofaxismoak politika migratzaileak baliatu nahi ditu botoak lortzeko", azaldu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide Nati Ovelleirok. Esan du Dublinen, Londresen, Berlinen eta Palermon (Italian) ere bat egin dutela kanpainarekin.

Euskal instituzioei eskaria

Euskal herriko instituzioak ere interpelatu nahi dituzte kanpainaren bidez: "Errefuxiatuen eskubideak modu eraginkorrean bermatuko dituzten baliabide guztiak ezarri behar dituzte euskal insitutzioek", adierazi du Perezek. Egoeraren aurrean politika sozialak bultzatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dute deitzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.