'Odebrecht auzia'

Bere buruaz beste egin du Peruko presidente ohi Alan Garciak

Odebrecht eraikuntza enpresari lotutako ustelkeria auzian ikertzen ari ziren Peruko estatuburu ohia, eta Polizia bere bila joan denean, tiro egin dio bere buruari. Erietxean hil da, handik ordu batzuetara.

Polizia Casimiro Ulloa erietxea zaintzen. Hara eraman dute Alan Garcia presidente ohia. ERNESTO ARIAS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 17a
10:16
Entzun

Alan Garcia presidente karguan zenean eskuratu zuen Limarako trenbidea eraikitzeko kontratua Odebrecht eraikuntza enpresak. Kontratu hura diruaren truke eman ote zuen ikertzen ari dira orain auzitegiak. Horri lotuta, Polizia estatuburu ohiaren etxera joan da gaur goizean hura atxilotzeko aginduarekin. Baina ezin izan dute epailearen aurrera eraman, Garciak bere buruari tiro egin baitio.

Zenbait iturriren arabera, Polizia haren bila joan denean, hark bulegoan bakarrik uzteko eskatu die abokatuari deitu behar ziola esanez, eta irten direnean tiro egin dio bere buruari. Presidente ohia larri eraman dute erietxera eta han ebakuntza egin behar izan diote. Kirurgia gelan zegoen bitartean, ordea, hiru bihotzeko izan ditu eta handik gutxira hil da.

Garciak berak ez du inoiz onartu ustelkeria sarean nahastuta egon dela. Aste honen hasieran bere Twitterreko kontuan hal esan zuen: "Dokumentuetan ez da nire izena agertzen eta ez dute nire aurkako frogarik ere, beraz hipotesiak soilik dituzte. Ez nintzen inoiz saldu eta hori frogatua dago".

Bi agintaldi egin zituen Garciak Peruko presidentetzan, 1985etik 1990era eta 2006tik 2011ra. Azken hilabeteetan ugaritu egin dira haren aurkako ustelkeria salaketak, eta joan den azaroan estatuburu ohiak asiloa eskatu zuen Uruguain, baina urte hasieratik debekatua zuen herrialdetik irtetea.

Atxiloketa gehiago

Alan Garciaren bila joan aurretik haren gobernuko beste hainbat kide ere atzeman dituzte segurtasun indarrek, besteak beste, Presidentetzarako idazkari izandako Luis Nava eta Miguel Atala presidenteorde ohia.

2015eko ekainean atxilotu zuten Odebrecht eraikuntza enpresako zuzendari Marcelo Odebrecht, Brasilgo Petrobrasen gaineko makroepaiketaren harira. Ikerketaren arabera, Latinoamerikako 77 goi kargudun eta politikari daude nahastuta ustelkeria auzian. Enpresak 741 milioi euroren eroskeria egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.