Odebrechten garro luzeak Latinoamerikan

Odebrechten auzia hasi zenetik, ustelkeriak gogor astindu du elite politikoa; hamabi herrialde daude nahastuta auzian. Ikerketaren arabera, Brasilgo enpresak 741 milioi euroren eroskeria egin du

Panamako herritarrak protestan, Odebrecht auzia salatu eta politikarien ustelkeria gaitzesteko. ALEJANDRO BOLIVAR / EFE.
Maider Galardi
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Latinoamerikako eta Afrikako hamabi herrialdetara iritsi dira Odebrecht olagarroaren garroak. Dozenaka dira ustelkeriarekin lotu dituzten Latinoamerikako politikari eta goi kargudunak. 2015eko ekainean Odebrecht eraikuntza enpresako zuzendari Marcelo Odebrecht atxilotu zutenetik Brasilgo Petrobrasen gaineko makroepaiketaren harira, kasuaren garroak zabalduz joan dira lurralde osoan zehar. Ikerketaren arabera, Latinoamerikako 77 goi kargudun eta politikari daude nahastuta ustelkeria auzian. Enpresak 741 milioi euroren eroskeria egin du.

Latinoamerikako eraikuntza enpresa handiena da Odebrecht. 28 herrialdetan dago ezarrita, eta 168.000 bat langile ditu guztira. Hasieran, enpresak ez zuen asmorik kasua zeraman fiskaltzarekin kolaboratzeko, baina, taldearen gainbehera ekonomikoa eragozteko, ustelkerian nahasita dauden goi kargudun eta politikarien izenak eman dizkio justiziari. Trukean, Marcelo Odebrechten kartzela zigorra 19 urtetik 9 urtera jaitsi dute. Enpresak barkamena eskatu du jendaurrean, eta 3.300 milioi euroko isuna ordaindu die Brasilgo, AEBetako eta Suitzako gobernuei. Isuna ordainduta, berriz eskuratu du enpresak herrialde horietan eraikuntza lanen esleipenerako eskubidea.

Eraikuntza enpresako 70 bat goi kargudun ari dira justiziarekin lanean, eta guztiek baieztatu dute eroskeria praktika orokorra izan dela enpresan. Ikerketaren arabera, Odebrechtek «eroskeriarako departamentu» bat izan du urteetan. Brasilgo Auzitegi Gorenak sekretupean ditu deklarazioak, baina, ugari izan dira bi urte hauetan kasuarekin lotuta argitara atera diren izenak. Latinoamerikako herrialde askotako elite politikoa nahastu da kasuan; azkena, Alejandro Toledo Peruko presidente ohia.

PERU

Alejandro Toledo Peruko presidente ohia atxilotzeko agindua eman du Peruko epaitegi batek, ustez «Odebrecht auziarekin» lotura duelakoan. Ikerketaren arabera, Toledok 18,8 milioi euro jaso zituen, eta, trukean, Peru eta Brasil lotzen dituen errepidea egiteko lana adjudikatu zion eraikuntza enpresari. Richard Concepcion epaileak 18 hilabeteko behin-behineko espetxeratzea agindu du, ikerketak iraun bitartean Toledok ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta. Presidente ohia Parisen dago, eta Frantziako Interpoli agindu diote berehala atxilotzeko.

Ez da auzi beragatik ikertua izaten ari den presidente ohi bakarra. Ollanta Humala beste ustelkeria kasu bategatik epaitzen ari badira ere, Odebrechtek Humalaren presidentetzarako kanpaina 2,8 milioi eurorekin finantzatu izanaren zantzuak aurkitu dituzte. Jorge Cuba Komunikazio ministrorde ohia ere atxilotu zuten ustelkeria sare horretan bi milioi euro jasotzeagatik, metroaren eraikuntza lanen truke.

PANAMA

Panamako presidente Juan Carlos Varela ere nahasi dute auzian. Haren ministro kontseilari izandako Ramon Fonsecak salatu du Varelak Odebrechten dirua jaso zuela 2014ko presidentetzarako kanpainarako. Presidenteak, berriz, ukatu egin ditu akusazioak. Alvaro Aleman Presidentetza ministroak esan du kanpaina diruz lagundu zutenen zerrenda argitaratuko dutela, «urrats bat haratago eginez», legeak ez baitu eskatzen informazio hori argitaratzea .

KOLONBIA

Une berezian piztu da auzia Kolonbian. Datorren urteko hauteskundeen atarian, bete-betean jo du kasuak Juan Manuel Santos presidentea. Ikerketaren arabera, Odebrecht enpresak 10 milioi euroko eroskeria egin zuen Kolonbian. Horietatik 4,3, ustez, Otto Nicolas Bula senatari ohiak jaso zituen, Kolonbiako iparraldeko autobidearen lanak esleitzearen truke. Urtarrilean atxilotu zuten.

Fiskaltza ikertzen ari da Juan Manuel Santos presidentea ere ustelkeria auzian nahastuta ote dagoen. Presidentetzarako kanpainan Odebrechten eskutik 941.000 euroko diru laguntza jaso ote zuen ari da ikuskatzen. Presidenteak ukatu egin du akusazioa. Kolonbiako Gobernuaren ustez, «uribismoak» asmatu du Santosen eta enpresaren arteko lotura.

BRASIL

Ustelkeriak erabat jo du Brasil, eta Odebrecht auzia ez da zabalik dagoen bakarra. Hain zuzen ere, Petrobras estatuko petrolio enpresaren inguruko makroikerketa egiten ari zirela atera zen argitara eraikuntza enpresaren ustelkeria sare osoa. Auzian nahastuta daude politikari ezagunenak. Tartean dira Michel Temer presidentea, Dilma Rousseff presidente ohia eta baita Luiz Inacio Lula da Silva ere. Brasileko Alderdi Sozialdemokratako kide ugari ere tartean dira, baita 2018ko hauteskundeetarako hautagai izan daitekeen Gerald Alckmin ere.

Makro ikerketaren arabera, Petrobrasen ustelkeria auzian guztira desbideratutako 6.000 milioi euroetatik 2.117 eraikuntza enpresak jaso zituen.

ARGENTINA

Negozio handia egin zuen enpresak Argentinan Nestor Kirchner eta Cristina Kirchner presidente izan ziren urteetan. Ikerketaren arabera, 33 milioi euro bideratu zituen Oderbrechtek, guztira 261,5 milioi euroko kontratuak eskuratzeko.

Ikerketak, ordea, bide berria ireki du herrialde honetan ere, eta egungo presidente Mauricio Macriren ingurukoak ere nahastu dira auzian. Gustavo Arribas Argentinako espioitzako zuzendariak, ustez, 564.560 euro jaso zituen 2013an, Sarmientoko trenaren lanak esleitzearen truke. Lan horietan Macriren lehengusuak ere parte hartu zuen. Presidenteak ukatu egin ditu akusazioak.

MEXIKO

Odebrechtek onartu zuen 9,8 milioi euro erabili zituela Mexikoko enpresa publiko bateko goi karguekin eroskeria egiteko 2013 eta 2014 artean. Funtzio Publikoen Idazkaritzak esan du Pemex estatuko petrolio enpresak Odebrechti esleitutako eraikuntza lanen gaineko ikerketa abiatuko duela.

VENEZUELA

Venezuela ere jo du ustelkeria kasuak. Eraikuntza enpresak 92 milioi euro ordaindu zizkien hainbat bitartekariri, estatuaren ezkutuko informazioa lortzeko. Odebrechtek proiektuen gaineko informazioa jaso nahi zuen, lanen esleipenak lortu ahal izateko.

EKUADOR

Ekuadorko estatuko administrazioko langile ugarik 31,5 milioi euro jaso zituzten 2007 eta 2016 urteen artean, ikerketaren arabera. Rodrigo Tecla Duran da akusatu nagusia. Aurretik dirua zuritzeagatik ere salatua izan da.

DOMINIKAR ERREPUBLIKA

Brasilekin batera, sortutako kalteengatik konpentsazio ekonomikoa jasoko duen Latinoamerikako herrialde bakarra da Dominikar Errepublika. Odebrechtek guztira 173 milioi euroko kalte ordaina emango dio. 2025. urte bitartean jasoko du dirua estatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.