Sri Lanka

24 pertsona atxilotu dituzte Sri Lankako atentatuekin lotuta

Ordu gutxiko tartean, lau hoteli eta hiru elizari eraso egin, eta 290 pertsona hil dituzte. Zaurituak 500dik gora dira. Segurtasun indarrek beste lehergailu bat indargabetu dute aireportutik gertu. Muturreko talde islamiko bat egin dute erasoen erantzule.

Hildako eta zaurituen aldeko kandelak. SHAHZAIB AKBER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 22a
13:42
Entzun

Sarraskia eragin dute erasotzaileek Sri Lankan. Oraingoz, 290 dira hildakoak eta 500 inguru zaurituak. Erasoetatik sei ordu eta erdiko tartean egin dituzte, horietako hiru elizetan eta beste hainbeste hoteletan. Handik ordu batzuetara zartarazi dute zazpigarren lehergailua. Dehiwala hiriko zoologikotik gertu izan da, hiriburutik hamar kilometrora. Hotel baten aurkako atentatua izan da hori ere.

Colombon, hiriburuan, izan dira atentatuetako lau, Cinnamon Grand, Kingsbury eta Shangri-La hoteletan eta San Antonio elizan. Beste leherketa Negombon izan da, hiriburutik 30 kilometro ingurura, eliza batean; eta seigarrena, berriz, Batticaloan, hiriburutik 250 kilometro ingurura. Astelehen goizean, berriz, furgoneta batean jarritako bonba bat lehertuta, indargabetzeko ahaleginetan ari zirela.

Atentatu arriskuaren berri bazuela onartu du Ranil Wickremesinghe lehen ministroak, eta aitortu ez zituztela beharrezko neurriak hartu. Azken orduetan 24 pertsona atxilotu dituzte erasoekin lotuta, eta ustez lehergailuak eramateko erabili zuten ibilgailua ere topatu dute. 

Lasaitasuna eskatu du Maithripala Sirisena presidenteak. Gobernuko iturrien arabera, "ahalik eta hildako gehiena" eragiteko asmoarekin antolatutako erasoak izan dira. Gaurkoa jaiegun garrantzitsua da, izan ere, herialdeko kristau komunitatearentzat, eta elizak beterik zeuden eztandak izan direnean. 

Gaur goizerako larrialdiko bilerara deitua du gobernuak, eta azken orduetan Facebook eta Whatsappeko sarbideak itxi ditu informazioa kontrolpean edukitzeko asmoz.

Maiz gertatzen dira Sri Lankan komunitate erlijiosoen arteko liskarrak. Iaz, esaterako, larrialdi egoera ezarri behar izan zuen gobernuak talde budistek hainbat meskitari eraso egin ostean. Hala ere, igande honetakoak izan dira gerra zibila amaituz geroztik izandako atentaturik larrienak. Lerro hauek idazteko orduan, inork ez ditu oraindik atentatuak bere gain hartu. Baina agintariek National Thowheed Jama’ath talde islamista egiten dute erantzule, eta nabarmendu dute nazioarteko laguntza izan dutela erasoak egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.