Enpresak

Kontu auditoreak zalantzak ditu Tubos Reunidosek lanean jarraitzeko duen gaitasunaz

PwCk dio "zalantza nabarmenak" eragiten dituela zorraren berregituraketari buruzko ziurtasun faltak.

Tubos Reunidosen lantegia, Amurrion. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2019ko apirilaren 23a
09:16
Entzun

Tubos Reunidos egoera zailean dagoela agerian gelditu da, berriz ere, PwC kontu auditoreak tutugilearen iazko kontuei buruz egindako txostenean, zeina atzo erregistratu zen CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean.

Joan den irailaz geroztik, banku talde batekin duen zorra nola ordaindu negoziatzen dabil Amurrioko taldea, aitortua baitu oso zaila izango duela gaur egungo ordainketa epeak betetzea. Negoziazio hori argitu artean, eta, gaur egungo egoerari begira, PwCren ustez, "ziurgabetasun material bat dago, zeinak zalantza nabarmenak sor ditzakeen sozietateak enpresa gisa lanean jarraitzeko duen gaitasunari buruz".

Krisitik atera nahian zebilen Tubos Reunidos, eta haren ibilbidea okertu besterik ez zuten egin AEBz kanpoko altzairuari Donald Trumpek jarritako %25eko muga zergek, eta hura bere zorraren ordainketa berriz negoziatzera behartu zuten. Amurrioko taldeak bere salmenten %45 inguru egiten ditu AEBetan. Joan den abenduan, Tubos Reunidosek azaroko kuotaren eta interesen ordainketa 2019ko otsailera atzeratzea lortu zuen, eta, otsailean, hilabete horretako ordainketa maiatzera arte atzeratu zuen. 

Iaz, Tubos Reunidosek %10 handitu zuen bere negozio kopurua, 342,5 milioi euroraino, eta aurtengo bigarren seihilekoan eskariak eta salmentak handitzea espero du. Bitartean, tutugintza taldea behin-behineko lan erregulazio dosierrak egiten ari da bere enpresetan, ekoizpen murrizketa dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.