atxiloketa

Andoni Goikoetxea atxilotu du Guardia Zibilak, espetxe zigorra betetzeko

Ibarran atzeman dute. Auzitegi Nazionalak zazpi urteko kartzela ezarri dio, ETArekin lotuta. Apirilaren 9an epaitu zuten.

Andoni Goikoetxea.
2019ko apirilaren 25a
07:11
Entzun

Guardia Zibilak Andoni Goikoetxea atxilotu du Ibarran (Gipuzkoa), Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri dion zazpi urteko kartzela zigorra bete dezan. Apirilaren 9an epaitu zuten Gazteluko bizilaguna, ETArekin lotuta, eta epaiaren zain zegoen. Atxilotuta zela berak etxera deituta jakin dute sendiak eta abokatuak atxiloketaren arrazoia zein zen. Arratsaldean Madrilera eraman zuten Goikoetxea.

Tolosaldeko Ataria-k jakinarazi duenez, hainbat lagunek 15:30 aldera Ibarran Guardia Zibilaren kontrol batean ikusi dute Goikoetxea, Apatta industrialdean, eta ustez atxilotzen ari ziren. Sendiak eta lagunek Guardia Zibilaren Tolosako kuartelera jo dute, baina ez diete berririk eman. Donostiako komandantziara deitu dute ondoren, eta han baieztatu diete atxiloketa, 17:45 aldera.

Epaiketan, fiskaltzak bederatzi urteko espetxea eskatu zuen, eta AVTk hamarrekoa. ETAko kide izatea egotzita,

2013an atxilotu egin zuten. Frantzian zazpi urteko espetxe zigorra bete ostean, 2017ko azaroan aske geratu zen.

Sortuk atxiloketa salatu du. "Hemen batzuek interes handiegia dute herri honek aurrrera egin ez dezan, iraganera kateatzen saiatzen baitira. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako agertoki bat irrikaz desio du Euskal Herriak, eta ezinbestekoa da kartzelak hustea".

Portu, Sarasola eta San Sebastianen epaia berrikusteko ezezkoa

Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du T-4ko atentatuagatik zigortutako hiru lagunen epaia berriro aztertzea. Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian euskal presoen defentsak egin zuen sententzia berrikusteko eskaera, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak iaz Espainiako Estatua zigortu ondoren Porturi eta Sarasolari atxiloaldian (2008) eragindako tratu txarrengatik.

ETAk 2006ko abenduaren 30ean egin zuen T-4 Barajasko (Madril) atentatua, bonba-furgoneta bat lehertuta, eta bi zibil hil ziren. Auzitegi Nazionalak 1.040 urteko espetxea ezarri zien Porturi, Sarasolari eta San Sebastiani, 2010an. Goreneko Bigarren Aretoak ez die baimenik eman epaiaren berrikuste helegitea aurkezteko, Europaren ebazpenak orduko epaiari aipamenik egiten ez diola argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.