Espainiako hauteskundeak

Espainiako Gobernu berria bakarrik eratzen ahaleginduko da PSOE

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak, Meritxell Batet diputatu hautatuak eta Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak bakarrik gobernatzearen alde hitz egin dute, azken legealdiko ereduari jarraituz. Gobernu "aurrarakoi" bat eratzea proposatu dute, baino beste indar batekin koalizio itunik sinatu gabe.

2019ko apirilaren 29a
08:09
Entzun

PSOEk emaitza arrakastatsua izan du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan; 123 diputatu lortu ditu eta ia 7,5 milioi boto. Hala ere, Kongresuan ordezkaritza banatuta dago, eta urrun gelditu da bere kabuz Pedro Sanchezen inbestidura bermatzeko beharko lukeen gehiengo osotik —176 diputatutan dago muga—. Beraz, derrigorrez bilatu beharko du beste indar batzuen babesa. Kanpainan PSOEk Ciudadanosekin ala Unidos Podemosekin koalizio gobernua osatzeko aukerez asko hitz egin den arren, emaitzak jaso ondorengo egunean, PSOEk argitu du gobernua bakarrik osatzea dela bere asmoa.

Meritxell Batet PSCren Bartzelonako diputatu hautatuak baztertu egin du Ciudadanosekin gobernu itun bat sinatzeko aukera. "Emaitzak ikusita, aukera hori baztertu dezakegu". Betetek gogorarazi du Sanchezek kanpainan ere alboratu zuela aukera hori, Ciudadanosekin gobernua osatzea PSOEren planetan ez zela sartzen adierazi zuenean. Diputatuaren esanetan, PSOEk bakarrik osatu nahi du gobernua, "inoren menpekoa izango ez dena eta guztiekin hitz egingo duena". Batetek nabarmendu du "indar politiko guztiekin" hitz egitea eskatzen duten "estatu auziak" izango dituela hurrengo gobernuak mahai gainean. PSOE Voxekin ere hitz egiteko prest dagoen galdetuta, erantzun du hitz egin beharko dutela. "Haiek ikusiko dute Konstituzioaren markotik kanpo kokatzen diren ala ez", gaineratu du.

Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak berriz, ez deritzo egingarri Unidas Podemosekin koalizio gobernua osatzeari. Adierazi du ez lukeela gehiengo osoaren babesa izango. ERCrekin babes hori ziurtatuta izango luke, baina ziurtatu du aukera hori guztiz alboratuta duela alderdi sozialistak. "Horretan ez ginen sartu bere garaian, ez ginela sartuko esan genuen eta ez gara sartuko". Abalosen esanetan, PSOEren lehentasuna ez da gobernu akordio bat lortzea une hauetan. Aldiz, sozialisten helburua programei eta proposamenei buruz hitz egitea dela nabarmendu du.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordea ere ildo beretik mintzatu da. PSOE berak bakarrik eratutako gobernu bat lortzen ahaleginduko dela adierazi du, "lau urte lasai" ziurtatu ahal izateko, "demokrazia indartzea" helburu. Horretarako indar guztiekin hitz egitearen alde agertu da eta beharrezko jo du "elkarlanerako kultura" Espainiako politikan txertatzea. "Gobernu aurrerakoia izango gara, gobernuko ezkerra gara, horregatik borrokatu ginen PSOE barnean, espazio hori ez uzteko".

Hurrengo legealdian, PSOEren lehentasunak izango dira Espainiaren hazkunde ekonomikoari "eustea" eta "krisi soziala murriztea", Calvoren esanetan. Helburu horiek lortzeko, Unidas Podemosen laguntza izan nahiko lukeela gaineratu du. "Nahikoa babes dago ontzi honen lema izateko". Calvon onartu du Unidas Podemosen laguntza oso baliagarri izan zaiola Sanchezen gobernuari azken hamar hilabeteetan. "Gobernu aurrerakoi gisa indartu gaituzte, hasi dugun formula horretan sakondu dezakegu".

Geroa Bai-k elkarrizketara deitu du

"Alderdi aurrerakoiak" elkarrizktara deitu ditu Geroa Bai-k, eta kezka adierazi du PSOEk Ciudadanosekin ituna egiteko aukerari buruz. Haren esanetan, "hauteskundeek argi utzi dute eskuina ez dela nagusi ez Nafarroan, ezta estatuan ere". Geroa Bai-ren iritziz, maitzak frogatzen du UPNren koaliziak ez duela batzeko balio izan. "Espero dugu estatuko indar aurrerakoiak egoerak eskatzen duen maila ematea, Nafarroan legealdi osoan egin dugun bezala, eta herritarren bizimodua hobetuko duen gobernu sozial baten alde lan egiteaz gain, foruak eta Nafarroako autogobernua errespetatuko dituen gobernu baten alde ere lan egitea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.