Japonia

Akihito enperadoreak abdikatu egin du

Tokion sinbolismoz betetako ekitaldia egin dute enperadoreari agur esateko. Akihitok "Japoniako herriari eta mundu osoari bakea eta zoriontasuna" opatuz utzi dio lekukoa Naruhitori.

Akihito enperadorea, ekitaldian. JIJI PRESS
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 30a
14:32
Entzun

Pinuzko aretoa ekitaldi berezienak ospatzeko lekua da, eta, halakoa izan da enperadorearen abdikazioa irudikatzeko zeremonia. Berrehun urtetan egiten ez zen ekitaldia zen. Akihitoren abdikazioa, bada, sinbolismoz beteta egon da. Zeremonia laburra eta xumea izan da, baina, hotsandikoa. Tokioko Jauregi inperialaren kanpoaldean ikusmina handia zen. Euria ari bazuen ere, ehunka lagun elkartu dira enperadorearen azken hitzak entzuteko. "Japoniako herriari eta mundu osoari bakea eta zoriontasuna" opatuz agurtu da Akihito. Ondoren Naruhito semeari pasa dio lekukoa, garai berri baten hasiera dela iragarriz: "Reiwa-ren (Armonia Ederra) garaia hasiko da bihar eta espero dut garai egonkorra eta emankorra izatea".

Hesei (Bakea) aroa amaitu da Japonian. Akihito duela 30 urte iritsi zen tronura eta urte hauetan guztietan izan duen babesa eskertu du abdikazio ekitaldian: "Japoniako herriari eskerrak eman nahi dizkiot estatuaren sinbolo bezala onartu egin nauelako eta nirekin batera egin duelako lan". Japonian enperadorea estatu burua ere bada, eta, politikoki eskumenik ez badu ere, oso maitatua da herritarren artean.

Akihitok 85 urte ditu eta 2016ko abuztuaren 8an iragarri zuen abdikatu egingo zuela, osasun arazoak argudiatuz. Japoniako legedia aldatu behar izan dute abdikazioa onartzeko. Kokaku enperadorea izan zen azkena abdikatzen: 1817 maiatzaren 7an utzi zuen kargua.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.