Erreakzioak

AEBek estatu kolpea babestu dute

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak salatu du gerrarako armak atera dituztela kalera estatu kolpea eman dutenek. Kolonbiako Gobernuak Limako Taldea bildu nahi du. NBEk bi aldeei eskatu die bortizkeriarik ez erabiltzeko.

Herritar bat, Venezuelako banderarekin La Carlota armadaren egoitzan. RAYNER PEñA, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko apirilaren 30a
09:34
Entzun

Venezuelako "estatu kolpeak" berehala eman du zer esan nazioartean. Aurreko batzuetan bezala, hiru bloke sortu dira: Maduroren kontrakoak, aldekoak eta erdibidean irtenbidea hauteskundeak egitea dela diotenak, tartean Europako Batasuna. NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, baretasunerako dei bat egin du, eta aldeei esan die indarkeria arrastoak saihesteko.

AEBek Venezuelako oposizioaren estatu kolpea babestu dute. Mike Pompeo estatu idazkariak esan du "erabat" babesten duela "Venezuelako herria askatasunaren eta demokraziaren bila", eta John Bolton Segurtasun Nazionaleko aholkulariak oposizioa babestera deitu ditu Venezuelako erakundeak.

Errusiak adierazi du "aurrebaldintzarik gabeko negoziazio arduratsuak" behar dituela Venezuelak, eta bi aldeei eskatu die "bortizkeriari" uko egiteko: "Inportantea da istiluak eta odol isurtzeak saihestea". Errusiak Venezuelan dituen militarrek ez dutela esku hartuko ere adierazi du, azalduz Venezuelako armada trebatzeko soilik daudela herrialdean.

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea irtenbide baketsu baten alde agertu da. "Gure jarrera oso argia da, elkarrizketa nahi dugu, giza eskubideak errespetatzea".

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea Guaidoren alde lerratu da berriro, eta elkartasuna agertu dio. "Diktadore batek esklabutzan daukan Venezuelako herriarekin elkartasuna adierazi nahi du Brasilek. Babesten dugu herrialde senide honen askatasuna, azkenean egiazko demokrazia batean bizi dadin", adierazi du.

Ivan Duque Kolonbiako presidenteak historiaren alde onean jartzeko eskatu die Venezuelako militarrei eta herritarrei, "Maduroren diktaduraren eta usurpatzearen aurka".

Europako Batasuna "irtenbide politiko eta baketsu" baten alde agertu da. Maja Kocijancic Atzerri Politika eta Segurtasun goi ordezkariak agerraldi batean esan du irtenbide hori "hauteskunde aske eta justuak" egiten direnean iritsiko dela, eta EBren jarrera hori dela azpimarratu du.

Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak adierazi du Leopoldo Lopezen askatasuna "momentu historiko bat" dela "Venezuelara demokrazia eta askatasuna" itzultzeko. "Albiste ona da. Gora Venezuela aske", idatzi du Twitterren.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak estatu kolpea gaitzetsi du. Adierazi du Venezuelara indarkeria eramateko helburua duela, eta "traidore" esan die horren aurrean jarri direnei, eta salatu du gerrarako armak atera dituztela kalera beldurra sortzeko.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidente eta Maduroren nazioarteko aliatu sendoenetako bat ere mintzatu da, Twitterren: "Kolpisten aurka borrokatu du gure herrialdeak, eta ezagutu ditu estatu kolpeen ondorio kategarriak, beraz, neurri horretan, Venezuelako kolpe saiakera gaitzesten dugu. Venezuelako herriaren aukera demokratikoa errespetatu behar du mundu guztiak".

Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak ere kritikatu egin du Guaidoren altxamendua. "Gobernu legitimoak ekintza ez demokratikoen bidez" botatzearen aurka daudela adierazi du.

Kolonbiako Gobernuak Limako Taldea biltzeko ahaleginetan ari da. Carlos Holmes Trujillo Atzerri ministroak talde hori osatzen duten guztiak deitu ditu "Venezuelara demokrazia eta askatasuna itzultzeari babesa ematera".

Luis Almagro AEE Amerikako Estatuen Erakundeko presidenteak txalotu egin diru Venezuelako oposizioarekin bat egin duten militarrak, baina esan du "trantsizioa" modu baketsuan egitea espero duela. AEEk Maduro kritikatu du behin baino gehiagotan, eta larunbatean Venezuelako presidenteak herrialdea erakunde horretatik aterako zela iragarri zuen, eta aurreratu zuen hor erabakitako edozein erabakik ez duela Venezuelan eta bere erakundetan eraginik izango.

Evo Morales Boliviako presidenteak Nicolas Maduro babestu du eta "estatu kolpea irmoki gaitzetsi" du. Esan du Venezuelako eskuina "atzerriko interesen menpe" dagoela eta Venezuelako Gobernuak egoera kontrolatuko duelako esperantza agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.