Euskal presoak

Txus Martin presoarekiko "gizatasun eza" salatu dute

Bihotzeko ebakuntza egin diote, eta zein haren baldintzekin kritiko azaldu dira hainbat eragile. Joseba Segurola presoa aske utziko dute.

Euskal presoen aldeko bilkura bat, Azpeitian. ARITZ LOIOLA, FOKU
2019ko apirilaren 30a
09:37
Entzun

Etxerat-ek gaur jakinarazi duenez, Txus Martin larri gaixo dagoen euskal presoari gaur egin diote bihotzeko ebakuntza Basurtuko ospitalean (Bizkaia). Etxerat elkarteak gogorarazi du Martinek gaixotasun psikologiko bat duela aurretik eta ebakuntzak bere egoera zailtzen duela, "antsietatea eta larritasuna sortuz".

"Aldi berean, Txus Martin jasaten ari den presioa eta tratu desegokia salatu nahi dugu, ebakuntzaren aurretik eta baita ebakuntzan bertan ere, epailearen ezohiko baimenaren zehaztugabetasuna dela eta; ebakuntzari eta ebakuntza osteko egoerari era duin batean aurre egin ahal izateko", adierazi du.

Etxerat elkarteak adierazi du Txus Martin bere etxean egon beharko litzatekela, edo gutxienez, espetxe arinduan, "behar duen tratamenduari egoera egokienean aurre egin ahal izateko".

Martinen egoera salatu du LABerek ere, ohartarazita haren eskubideak ez dituztela errespetatu: "Geletan gaixo bakoitzeko bi pertsona bakarrik egon ahal badira ere, bere kasuan, familiarrez aparte beste bost ertzain egon dira momenturo, horrek suposatzen duen estres eta intimitate faltarekin. Ebakuntza-gela barrura arte ere sartu dira ertzainak, eta hau ere ez ohiko prozedura dela salatu nahi dugu". Sindikatuak azaldu du ospitalearen kudeatzaileekin hitz egiten saiatu dela, baina hark ez duela "ezer egin nahi izan" eta ez dituela "bere ardurak asumitu".

Hortaz, gogorarazi du osasuna "eskubide unibertsala" dela, eta presoek ere badutela: "LAB Osakidetzatik argi nahi dugu esan, jerenteak duela ospitalean gertatzen diren urraketa guztien ardura, baita Nekane Murga sailburu berriak ere".

Sortu: "Kalean egon behar dute"

Ildo beretik mintzatu da Sortu ere. Ohar batean, salatu du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak "gizatasun eza" erakutsi duela Martinekiko: "Polizia neurri ikaragarriak jarri dizkiote eta bidegabeko tratua jaso du kirofanotik pasa beharra duela kontuan hartuta. Ebakuntza ostean, epaileak emandako baimen bereziaz gozatzeko aukera izan dezala exijitzen dugu, poliziarik gabe. Edozein gaixok bezala, bere eta bere familiaren intimitatea errespetatzeko eskubidea du, inolako injerentziarik gabe".

Sortuk jakinarazi zuenez, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimen berezia eman zion Martini, kardiopatia bat duela-eta ebakuntza egiteko. Alderdiaren arabera, sei ertzainek eraman zuten Zaballako espetxetik Txagorritxuko ospitalera, atzo, eskuburdinaz lotuta. Gero, arratsaldean bost ertzain egon ziren ospitaleko gelan, eta haren bi senideri baino ez zieten utzi zioten sartzen. "Ospitaleak dauzkan baldintzen aurka, senideak gelatik bota zituzten geroago, eta gaixoari gauez lagun egiteko eskubidea urratu zioten", Sortuk ohartarazi duenez. Gaur goizean eraman dute Martin ebakuntza gelara, eta harekin batera sartu da kirurgia-amantala jantzita zeraman ertzain bat.

Hogei euskal presok dauzkate gaixotasun larriak eta sendaezinak. "Gisa honetako ankerkeriek ez dute laguntzen euskal gizarteak merezi duen bake eta bizikidetza agertoki bat. Txus Martinek eta gaixorik diren presoek kalean egon behar dute", erantsi du Sortuk.

Sarek ere arbuiatu ditu Txus Martinen ospitaleratzearen baldintzak: "Bere operazioa eta operazio osteko unea senideekin eta lasai bizi ahal izateko ezohiko baimena eskuratu zuen. Baimen hori ordea ez da errespetatua izaten ari, izan ere, Txus eskuburdinekin eta ertzainez inguratuta igaro behar izan ditu operazio aurreko eta operazioko uneak".

Joseba Segurola aske

 

Datozen orduetan geratuko da aske Joseba Segurola preso azpeitiarra, Urola Kostako Hitzak jakinarazi duenez. Atzo Espainiaratu zuen Frantziak zigorra bete ondoren, eta gaur epailearen aurreko saio batean izan da Madrilen. Horrek aske uztea erabaki du, baina egin beharrekoak egin bitartean Soto del Realeko espetxera eraman dute. Bere hurkoak Madrilera bidean dira.

 

Lannemezanen atxilotu zuten 2005ean, eta bost urte geroago epaitu zuten. Frantzian hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kidea izatea leporatuta. Hainbat espetxetan bete du zigorra, azkena, Lannemezanen (Okzitania).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.