Maiatzak 1

Manifestazio jendetsua egin dute LABek eta CGTk Baionan, lehenengoz elkarrekin

Manifestazio bateratua egin dute bi sindikatuek eta herri mugimenduko hainbat eragilek, Langileen Nazioarteko Egunean. Deialdiarekin bat eginez, gazte blokea osatu du gazte mugimenduak.

LABen eta CGTren manifestazio bateratua, Baionan.
LABen eta CGTren manifestazio bateratua, Baionan. Guillaume Fauveau

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko maiatzak 1

Ezohiko argazkia eskaini dute Baionan LAB eta CGT sindikatuek. Elkarrekin esplotazioaren kontra, aitzinamendu soziala eta ekologikoaren alde lelopean, maiatzaren 1eko Langileen Nazioarteko Egunerako mobilizazio bateratura egin dute, Bizi mugimendu altermundialista, gazte mugimendua eta zenbait talde feminista batzen dituen EBA Egiazko Berdintasunaren Alde plataformarekin batera. Ehunka herritar elkartu dira, aspaldiko manifestazio jendetsuena eta koloretsuena osatuta; 6.500 izan dira antolatzaileen arabera.

Gazte mugimenduaren blokea izanen da aurtengo berezitasunetako bat. 10:00etan elkartu dira Baionako presondegian eta 100 gazte inguru batu dira zutabean, oihu, petardo eta margoketa artean.11:00etan hasi dute manifestazio bateratua Lan Burtsatik abiatuta; ondoren, elkarteen herrixka antolatuko dute merkatuko plazan.

Enaut Aramendi LABeko ordezkaria sindikatuen eta gizarte eragileen elkarlanaren alde mintzatu da. "Urrats handia da eta espero dugu aurrera begira horretan segitzen ahalko dugula". Aramendiren iritziz, elkarlanaren bidean emandako urrats horrek ez du atzera bueltarik eta etorkizunean "beste urrats txiki batzuk" emateko balioko du. LABeko kideak nabarmendu du gaurko manifestazioan "kapitalari ez eta biziari bai" esateko mobilizatu direla.

Urteetan zehar Baionako CGTko buru izan den Daniel Romestand ere gaurko mobilizazioan zen; LABen kontra gogorren egin izan duenetako bat da. "LABek eta ETAk borroka armatua baztertu dute, borroka demokratikoan sartzen den sindikatu bat da, eta beraz, ez du inolako arazorik sortzen", adierazi du gaurko elkarlanari begira. Hain zuzen ere, LABek jarduera armatua gaitzesten ez zuela erranez arrazoitu izan dute luzaz sindikatu abertzalea baztertzea, nahiz eta 2011an ETAk jarduera aramatuaren bukaera adierazi zuenetik, bazterketa berdinarekin jarraitu.

CGTren izaera konfederatuari egotzi dio Sam Hourquescos Baionako arduradunak: "aurten ez genuen departamendu mailako intersindikalik eta beraz, inolako arazorik gabe joan ahal izan gara", adierazi du. Hurrengo mobilizazioetarako formula bera atxiki lezakeen galdetuta, aldian aldian erabakiko dutela adierazi du. "Lan bilkura batera deitu gintuen LABek eta aldarrikapen multzo baten inguruan bat egin genuen, ez da zaila izan adostasunetara iristea". Pozik agertu da bildu den jende multzoarekin eta "olde berri baten hasiera" izanen dela espero du.

Bizi mugimenduko Txetx Etxeberri ere "biziki kontent" agertu da gaurko mobilizazioarekin, lehen aldiz eraiki izan delako "batasun biziki zabal eta inportante" bat. "CGT eta LAB elkarrekin dira lehen aldiz maiatzaren 1ean, baita mugimendu soziala eta klimatikoa ere", adierazi du. "Hori biziki inportantea da, aurten mobilizazio ziklo garrantzitsu bat izan delko, Jaka Horiak, manifetazio sozialak, klimaren aldeko martxak eta gazteen greba... Lortzea maiatzaren 1ean denak elkarrekin biltzea, gure ustez urrats garrantzitsua da eta bide onean gara".

Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetaria mobizilazioaren berri ari da ematen manifestaziotik bertatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna