Maiatzak 1

"Inboluzioari" aurre egitera deitu dute sindikatuek Hegoaldean

ELAk eta LABek banatuta egin dituzte Langileen Nazioarteko Eguneko mobilizazioak. Sindikatu abertzaleek langileen antolakuntzaren garrantzia azpimarratu dute, gizarte justuagoa lortu ahal izateko. CCOOk eta UGTk Espainian eratuko den gobernuari eskatu diote langileen arazoak lehenesteko.

ELA sindikatuaren maiatzaren 1eko manifestazioa, Bilbon. ELA, @ELASINDIKATUA
2019ko maiatzaren 1a
07:11
Entzun

Estreinako Maiatzaren Lehena izan du gaur Mitxel Lakuntzak ELAko idazkari nagusi gisa. “Ohore bat da zuen ahotsa eta aurpegia izatea, egunez egun borrokan ari zareten horien ahotsa entzunaraztea”. Parean zituen milaka langile, eta sindikatuko afiliatuak. Txaloekin erantzun diote. Hori esanda, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteari egin dizkio kritikak, joan den Aberri Egunean ELAren aurka egin zituen adierazpenei erantzuteko. “Leporatu zigun grebak Euskadiren aurka egitea; argi gera dadila: guk ez dugu inoren kontrako grebarik egiten, jendearen lan baldintzak hobetzeko baizik. Bere alderdiak grebarik ez egotea nahi badu, erraza dauka: bermatu dezala agintzen duen administrazioen esku dauden lan baldintzak duinak izango direla”.

Euskal Herria errausten aritzea ere leporatu zion lider jeltzaleak sindikatuari. “Hobe luke euskal industrian gertatu den desinbertsio publikoa gogoratzea: Xey, La Naval, CEL... Errautsak eurak utzi dituzte, egin duten industria politikarekin”. Jeltzaleen aurka gogor aritu da Lakuntza bere lehen hitzartzean, eta grebekin aurrera jarraituko dutela aurreratu du. Are gehiago erresistentzia kutxa indartuko dutela esan du, %22 gehituz, eta hilean 1.100 euroko ordaina izateraino. “Badakigu hau dela inbertsiorik onena: borroka egiten dutenetan inbertitzea”.

Sindikatuen jarduna goratu du, era berean: "Militante sindikal izatea ezkertiar, demokrata, abertzale eta feminista izateko modu pribilegiatua da". Lakuntzaren iritziz, "langile klasea" azken hamarkadetan asko aldatu den arren, beharginen "kezkak eta nahiak partekatuak" izaten jarraitzen dute. Horie dela eta, langileen antolakuntzaren eta sindikatuen garrantziaz ohartarazi du. "Antolatu egiten gara, eta komuna dena defenditzen dugu, gure bizitzak jokoan daudelako eta badakigulako mobilizazioak, parte hartze sozialak eta grebak emango digula bizimodu hobea izateko aukera. Guk sinesten dugu indar kolektiboan. Botere ekonomiko eta politikoek nahi dute jendea bakarka egotea. Ez dute nahi beraien eta jendearen artean bitarteko indar kolektiborik.

Lakuntzaren esanetan, lan munduan "inboluzioa" gertatzen ari da, baina joera atzerakoi hori ez da arlo horretara mugatzen. "Inboluzio sozial eta demokratikoa" ezartzen ari dela ohartarazi du. "Horregatik, kaleak hartzea, jendarte hobea eraikitzeko asmoa duten mugimenduetan parte hartzea, ariketa demokratikoa da. Borroka sindikalean eta mobilizazio horietan parte hartzea jendarte honetako gunerik hoberenetan parte hartzea da", adierazi du.

LABek Iruñean egin du manifestazio nagusia, eta bertan izan da Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusia. Bi erronka nagusi dituztela azaldu du: "Batetik, lan zentroetan borrokak eta grebak aktibatzen jarraitzea, eta, bestetik, langileei orokorragoak izango diren erantzun markoak ahalbidetzea". Hala, indarrak batzeko deia luzatu du, borroka sektorialei bultzada emateko. "Kontrabotere sindikalismoaz hitz egitea langile klasearen boterea eraikitzeaz hitz egitea da". Mobilizazio orokorragoen beharra nabarmendu duenean, Baionara begiratu du Aranburuk, han LAB, CGT eta zenbait herri eragile batu baitira.

Aranburuk adierazi du LABek "bestelako Euskal Herri bat eraiki" nahi duela, gizarteari eragiten dioten arlo guztietan erabaki ahal izateko. Horretarako, Katalunia bezalako herrialdeekin sinergia berriak sortzearen alde mintzatu da, "estatu espainiarretik ezarri nahi den inboluzioari aurre egiteko". Sektorekako borroken garrantzia nabarmendu du LABek, hitzartzean ez ezik, manifestazioan. Pentsiodunek, gazteek, emakumeek eta migratzaileek pankarta bana eraman dute manifestazioaren aurrealdean.

UGTk eta CCOOk elkarrekin deitu dute manifestaziora, eta Espainian eratuko den gobernuari zuzendu diote mezua Bilbon egin duten mobilizazioan. PSOEri eskatu diote lehenetsi ditzala langileen arazoak. Bi sindikatuek exijitu dute "kendutako eskubideak" berreskuratzea, gizarte desberdintasunei aurre egiteko neurriak hartzea eta azken lan erreformak indargabetzea.

UGTk eta CCOOk Iruñean egin duten manifestazioan, Nafarroako Gobernuari ere egin diote eskaria. "Elkarrizketa soziala eta enplegu plana zor digu Nafarroako Gobernuak", adierazi du Jesus Santo Nafarroako UGTko idazkari nagusiak. Langileen eskubideak agendaren erdian kokatzeko beharra aipatu du Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak, eta borroka feminista goraipatu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.