Amiantoaren biktimentzako funts bat eratzea eskatuko du Eusko Legebiltzarrak Kongresuan

Legebiltzarrak kalte-ordainetarako funtsa eratzea aurreikusten duen lege proposamena onartu du, aho batez. Legebiltzarrak ordezkaritza bat izendatu beharko du, proposamena Kongresuan aurkeztu eta defendatzeko.

Amiantoarekin hildako CAFeko langileei eskainitako omenaldia, joan den asteartean, Beasainen. JON URBE, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 2a
07:53
Entzun

Amiantoaren biktimei kalte-ordaina emango dion funts bat eratzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Espainiako Kongresuan aurkeztuko du funts hori eratzea aurreikusten duen lege proposamen bat, hirugarrenez. Ordezkaritza bat izendatu beharko du horretarako. Ekinaldia talde parlamentari guztiek proposatu dute batera, PPk salbu. Gaurko osoko bilkuran, ordea, parlamentari guztiek babestu dute, PPkoak barne.

Eusko Legebiltzarrak 2016ko maiatzean onartu zuen lehenengoz Espainiako Gobernuak amiantoaren biktimentzako funts bat eratzeko proposamena. Espainiako Kongresuak, baina, ez zuen eztabaidatu proposamen hori, ganberako mahaiak ez zuelako tramiterako onartu. Mariano Rajoy orduko Espainiako presidentearen gobernua (PP) ekinaldiaren aurka agertu zen.

Beste saiakera bat egin zuen Eusko Legebiltzarrak 2017an. Berriro ere gisa bereko lege proposamen bat onartu zuen urte horretako otsailean, aho batez. Urrian, tramiterako onartu zuen Kongresuko Mahaiak, talde guztien babesa lortuta, PPrena izan ezik —abstenitu egin zen—. Orduan ere proposamena ez zen eztabaidatu, ordea. Legealdia amaitu eta Gorteak desegin ziren proposamena osoko bilkurara eraman aurretik.

Azken proposamenaren azalpenak dio Espainiako Estatuan ia 4.000 hildako eragin dituela amiantoak 1994 eta 2008 artean, eta kopuru horrek 2023. urtera arte goraka jarraituko duela ohartarazi du. Urte horretatik aurrera kopurua egonkortu egingo dela jasotzen du azalpenak. Proposamenak argudiatu du zientifikoki frogatu dela amiantoaren eta mesoteliomaren arteko lotura zuzena, eta gaineratu du Espainiako Estatuan ez dela sortu kalte-ordainetarako funtsik, inguruko beste herrialde batzuetan ez bezala. Frantzia, Holanda eta Belgika aipatzen ditu adibide gisara.

Amiantoa erabili duten enpresetako asko desagerertu egin dira, eta hori zailtasun handia da biktimek kalte-ordaina jaso dezaten, legebiltzarrak onartutako proposamenaren hitzetan.

Testuan, proposatzen da erakunde autonomo batek kudeatzea kalte-ordainetarako funtsak, gizarte segurantzaren ardura izango duen ministerioaren menpe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.