Turkia

Protestak izan dira bart Istanbulen, bozak baliogabetu ostean

Oposizioko CHP alderdi sozialdemokrataren hauteskunde garaipena bertan behera utzi du Turkiako Hauteskunde Batzordeak, eta Ekrem Imamogluk alkatetza galdu du, kargua hartu eta hiru astera.

Ekrem Imamoglu sozial demokrataren aldeko jarraitzaileak, atzo, Erdoganen kontrako protestetan. ERDEM SAHIN, EFE
2019ko maiatzaren 7a
13:21
Entzun

Oposizioaren haserrea eragin du bart, Turkiako Hauteskunde Batzordeak Istanbulgo udal hauteskundeak baliogabetu izanak. Milaka pertsona atera ziren atzo gauean kalera lapikoekin eta txilibituekin zarata ateratzera protesta gisara; batzuk kalean, beste batzuk leiho eta balkoietan eta autoekin bozina jotzen aritu ziren. Ekrem Imamogluren izena ere oihakatu dute, martxoaren 31ko udal hauteskundeetako garailea, CHP alderdi sozialdemokratako hautagaia.

Imamogluk lapurretatzat jo zuen atzo hauteskunde batzordearen erabakia: "Boz hautek martxoaren 31n bertan lapurtzen saiatu ziren, esan zuen milaka jarraitzaileren aurrean Bylikduzu auzoan. "Ezin izan zutenez, hauteskunde batzordea presionatu zuten. Eta horrek men egin zien". Aurreratu du ez duela amore emango: "Maite zaituztet. Irabaziko dugu eta dena ondo egongo da", esan zien bere jarraitzaileei.

AKPren kolpe latza

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen AKP alderdiak kolpe latza jaso zuen martxoaren 31ko udal hauteskundeetan. Istanbuleko alkatetza galdu zuen, CHP alderdiaren mesedetan, 23.000 botoko alde estuarekin —8,8 milioi boto izan ziren guztira—. AKPk ez ditu hauteskunde emaitzak ontzat eman, ordea, eta Hauteskunde Batzordean salatu ditu, bozak legezko baldintzak ez dituela bete iritzita.

AKPk argudiatu du hautes mahaietako 225 presidente eta 3.500 kide ez zirela langile publikoak, legeak exijitzen duen moduan. Imamoglu alkate sozial demokratak erantzun du egoera hori ohikoa dela hauteskunde guztietan, eta inoiz ez direla emaitzak indargabetu arrazoi horrengatik. Hauteskunde Batzordeak, baina, ontzat eman du AKPren eskaria eta emaitzak indargabetu ditu. Horrez gain, hauteskundeak errepikatzera deitu du, ekainaren 23rako. Imamoglu behin behineko alkate batek ordezkatuko du ordura arte.

Hauteskunde Batzordearen erabakiak milaka herritarren protesta eragin du Istanbulgo kaleetan. Imamogluren jarraitzaileek lapiko jotzea egin dute gauean balkoietan eta protesta sare sozialetan ere hedatu da.

"Martxoaren 31ko gauean saiatu ziren hauteskunde hauek lapurtzen", salatu du Imamogluk, Erdoganen kontrako leloak oihuatzen zituzten milaka manifestariren aurrean. "Ezin izan zutenean hori egin, Hauteskunde Batzordea presionatu zuten, eta batzordea makurtu egin da". Buruzagi sozial demokratak ohartarazi du ez duela inoiz ere etsiko, eta ziurtatu du "herrialde osoaren kontzientzia" bere alde dagoela.

CHP soilik 23.000 botoko aldearekin gailendu zitzaion AKPri Istanbulen. Erdoganen alderdia botoak berriro zenbatzeko egindako eskarien ondorioz, aldea 13.000 bototara murriztu zen. Sozial demokraten garaipenarekin, alderdi islamisten 25 urteko gobernu aldia eten zuen CHPk.

Istanbulen galera kolpe gogorra izan zen Turkia 2002 urteaz geroztik gobernatzen duen AKP alderdiarentzat. Ez soilik hiriak Turkiako biztanleriaren %20 biltzen duelako eta BGPren %30 sortzen duelako. Istanbulek karga sinboliko handia du Turkiako presidentearen alderdiarentzat. Izan ere, bertako alkatetza irabazita egin zuen jauzi Erdoganek lehen lerro politikora, 1994an.

Istanbuleko hauteskunde emaitzak indargabetzeko erabakia publiko egin denerako hiriko burtsa itxita bazegoen ere, albisteak harrera txarra izan du merkatuetan. Lira turkiarrak behera egin du, iazko urriaren erdialdeko mailara: 6,8 lira euroko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.