Gaztetxeak

Galdakaoko gaztetxe berria hutsarazi du Ertzaintzak

Eraikinaren barruan zeuden bi kide kanporatu dituzte poliziek, eta beste hainbat gazte identifikatu. Joan den larunbatean jakinarazi zuen Galdakaoko Gazte Asanbladak "urteetan erabilpenik gabe eta hutsik egon den espazioa askatu" zutela.

Galdakaoko gaztetxe berriari buruz atzo egindako agerradia. GALDAKAOKO GAZTE ASANBLADA.
2019ko maiatzaren 7a
19:32
Entzun

Ertzaintza 17:00ak aldera joan da Galdakaoko (Bizkaia) Muguru plazara, eta Galdakaoko Gazte Asanbladak salatu duenez, gaztetxe berria egiteko hartutako eraikinean zeuden bi gazte identifikatu eta kanporatu dituzte. "Kanpoaldean zeuden beste hainbat kide ere identifikatuak izan dira, eta tentsio egoerak bizi izan dira" azaldu dute sare sozialetan. Ondoren, sarrera tapiatzen hasi da Ertzaintza. 20:00etan batzarra egingo dute gazteek.

Larunbatean jakinarazi zuen Galdakaoko Gazte Asanbladak herriko jubilatuen etxea izandakoa okupatu zutela —pribatua da—, eta aste osorako egitaraua zabaldu zuten. Atzo, esaterako, herriko pentsionista batzuei erakutsi zieten gunea, eta hamaiketako bat ere egin zuten haiekin. Iluntzean, agerraldia egin zuten egunotako gertakariak azaltzeko. "Urteetan hutsik egon den espazio bat herriari itzultzeko eta bizitasunez betetzeko asmo irmoa daukagu", adierazi zuten gazteek, Geuria.eus tokiko hedabideak jaso duenez. "Gure proiektu propioak egikaritu, elkartasunean oinarritutako harremanak eraiki eta langile klasearen topagune izango den espazio bat sortuko dugu". 

Atzoko agerraldian berri eman zutenez, eraikinera sartu ziren egunetik hasi zen Ertzaintza gazteak identifikatzen. "Mehatxuak" ere salatu zituzten. "Larunbat gauean, espazioaren jabea agertu zen, Ertzaintzaren laguntzarekin, eta barruan jendea zegoela ikusterakoan alde egin zuten". Igande goizean, aldiz, jabeak salaketa jarri zuela jakinarazi zieten.

2017ko maiatzean eraitsi zuten Galdakaoko Ortuondo gaztetxea izandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.