Aleka bilduma

'Nik sinesten dizut', indarkeria matxistari buruzko hausnarketa kritikoa

arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 9a
07:39
Entzun

Hiru urte joan dira 2016ko sanferminetatik. Baina, hala ere, denek dute gogoan orduan gertatutakoa. Nola bost gizonek emakume bati eraso zioten, eta eraso hark eragindako haserrea. Haserrea, ordea, amorru bilakatu zen epaitegiek bortxaketa zena abusutzat jo zutenean. Gertakari haiek oinarri hartuta idatzi du Samara Velte kazetariak Nik sinesten dizut liburua, bortxaketaren kultura aletu, ulertu eta desagerrarazten laguntzea helburu duena. Liburua eskuragarri dago BERRIA dendan.

Iruñean aurkeztu dute lana, Elkarren egoitzan. Han izan da Velte bera, bai eta lanean parte hartu duten hainbat aditu ere. Kazetariak berak azaldu duenez, sexu indarkeriaren inguruko "zentzuzko kontakizun bat" eraikitzea du xede lanak. "Sexu eraso bat ez da inoiz indarkeria fisikoa soilik, eta, kasu honetan, oso argi geratu dira biolentzia matxistaren aurpegi ugariak". 

Bost ataletan banatzen da liburua: bortxaketaren testuingurua, lehenik; erasoa bera eta hark eragindako erreakzioak, bigarrenik, eta horrekin batera baita indarkeria matxistaren inguruko eztabaida ere; epaiketa eta justizia patriarkalaren zergatiak eta ondorioak; tratamendu mediatikoa, eta komunikabideen praktikak gertatutakoari logika bat bilatu nahian; eta, azkenik, auziak eragindako galderak.

Liburua idazteko hainbat adituren laguntza izan du Veltek, hasi mugimendu feministako kide batzuekin eta unibertsitateko zenbat irakaslerekin bukatu. Veltek argi du zein den ondorioa: "Halako gai bat eztabaida publikora ateratzeko, garrantzia emango dion testuinguru bat behar da, arazo sozial gisa aitortuko duena. Eta hori Iruñean badago".

Elkarrek, Jakinek eta BERRIAk Txalapartarekin elkarlanean argitaratutako Nik sinesten dizut liburua eskura dago gaurtik BERRIA dendan, 16,50 euroan —14,30 euroan BERRIAlagunentzat—.

Horrez gain, Martin Ugalde Foroan ere gaiari buruzko eztabaida egingo da hilaren 16an. Foroan izango dira Velte bera, Amaia Zuria Bilgune Feministako kidea eta Zaloa Basabe Iruñeko udaleko Berdintasun Saileko koordinatzailea. Maite Asensio kazetaria ariko da moderatzaile lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.