Merkataritza

Mehatxua bete, eta Txinari muga zergak igo dizkio Trumpek

AEBek muga zergak %10etik %25era igo dizkiete Txinako produktuen 200.000 milioi dolarren inportazioei. "Kontraneurriak" iragarriz erantzun du Txinako Merkataritza ministerioak. Washingtongo negoziazioak akordiorik gabe amaitu dira.

Donald Trump atzo, Etxe Zurian.
Donald Trump atzo, Etxe Zurian. SHAWN THEW / EFE

Irune Lasa -

2019ko maiatzak 10

Munduko ekonomia dardaraz daukan AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra gogortu egin da bart. Liu He Txinako lehen ministrordeak azken orduan Washingtonera egindako bidaiak ez du balio izan negoziazioak bideratzeko, eta Donald Trump AEBetako presidenteak aste honetan bete egin du behin baino gehiagotan egindako mehatxua: muga zergak %10etik %25era handitu dizkie Txinatik inportatutako hainbat gairi.

Zigorra ez da nolanahikoa, 200.000 milioi dolar balio duten salmentak baitira; Txinak urtean AEBetara egiten dituen esportazio guztien heren bat gutxi gorabehera. Gauerditik, muga zerga handiagoak dituzte ia 5.000 produktuk: adibidez, konputagailuetako zirkuituek, xurgagailuek, altzariek, ehunek, eraikuntza materialek eta produktu kimikoek.

Ia berehala plazaratu dute agiri bat, eta, hor, Txinako Merkataritza ministerioak "deitoratu" egin du erabakia, eta "kontraneurriak" hartu beharko dituela iragarri du. Hala ere, elkarrizketak aurrera jarraitzen dutela adierazi du; espero duela bi aldeak "elkarrekin lan eginez gai izatea dauden arazoak konpontzeko, kooperazioaren eta elkarrizketaren bidez". Merkataritza ministerioak uste du badagoela aukera "bi aldeek erdibidean topo egiteko". Liu ministrordeak hainbat bilera egin zituen atzo goizean Washingtonen AEBetako ordezkariarekin, baina ez zuten inolako ondoriorik izan, eta Pekinera itzultzekoa zen arratsaldean.

Muga zerga handiago horiek Txinan gaurtik aurrera ontziratutako ondasunei ezarriko zaizkie, eta, beraz, horietatik libre egongo dira jada AEBetarako bidean dauden salgaiak. Kontuan izanda Txinaren eta AEBen arteko merkataritza ia guztia itsasoz egiten dela, badirudi ados jartzeko oraindik hiruzpalau asteko tartea izango luketela negoziatzaileek.

Tentsioa

Orain egun gutxi, bazirudien gertu zegoela bi herrialdeen arteko akordio bat, 150 orrialde inguruko zirriborro eta guzti. Baina AEBen arabera, Txinak atzera egin zuen hainbat konpromisotan, besteak beste, akordio zirriborroaren ia atal guztietan hizkera aldatzeko eskatuz. Tentsioa areagotu egin da azken astean, haserretu egin dira AEBetako negoziatzaileak, eta "hitza ez betetzea" leporatu diete txinatarrei.

Estatubatuarrek nahi dute akordioak argi zehaztea Txinak agindutakoak eta herrialdeak legeetan egin beharreko aldaketak. Txinatarrentzat, berriz, nahikoa litzateke administrazioaren zenbait arau eta agindu aldatzea, legeak ukitu gabe, legeak ukitzeak prozesu luze eta korapilatsua eskatzen baitu. Tirabira horretan, hainbat gai erabaki behar lirateke: hala nola AEBetako jabetza intelektualaren lapurreta, teknologiaren derrigorrezko transferentzia eta dibisen manipulazioa.

Gauerdian ezarri den muga zergen igoera, berez, joan den abenduan onartu zuen Trumpen gobernuak, baina izoztuta gelditu zen bi herrialdeak negoziatzen hasi zirenean. Indarrean egon dira, hori bai, merkataritza gerra abiatuz AEBek iazko uztailean Txinako produktuen 50.000 milioi dolarren inportazioei ezarritako muga zergak; baita gero irailean produktu askoz gehiagori ezarritako %10eko muga zergak ere, 200.000 milioi dolarren inportazioen gainekoak.

Horiek igo dira gaur %25era, eta beste 200.000 milioi dolarren inportazioei eragin diete. Trumpek buruan du urrunago joatea ere. AEBetako presidenteak atzo esan zuenez, aztertzen hasiko dira muga zergak jartzea Txinaren gainerako inportazio guztiei
—325.000 milioi dolar balio duten inportazioak—.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna