Negoziazio kolektiboa

Bost eguneko greba deialdia Bizkaiko metalgintzan

ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk Bizkaiko metalgintza enpresa guztiak deitu dituzte grebara. Lehen lanuztea maiatzaren 23an egingo dute. Beste lau greba egun izango dira ekainean; hilaren 6an, 7an, 20an eta 21ean. Deialdia "atzerapausoa" da, patronalaren ustez.

Sindikatuetako ordezkariak greba deialdiala eskuetan dutela. LAB, @LABSINDIKATUA
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 10a
11:29
Entzun

Sektoreko lan hitzarmena negoziatzeko, hemezortzi bilera egin dituzte sindikatuek FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioarekin, baina ez da akordiorik lortu. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen ustez, "patronalak ez du interesik izan sektoreko lan baldintzak hobetzeko edukiak negoziatzeko". Ondorioz, patronalaren aldetik "negoziazioa blokeatuta" dagoela ikusita, elkarrizketa mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek bat egin dute bost greba egunera deitzeko erabakian, eta lanuzteetara deitu dituzte metalgintza sektoreko Bizkaiko langile guztiak. Sindikatuen arabera, "sektore horretako enpresetan urte askotan hainbat langilek ez dute soldata igoerarik izan, ezta lan baldintzen hobekuntzarik ere".

Maiatzaren 23an egingo da lehen greba, eta, gauzak aldatu ezean, ekainean beste lau greba egun izango dira, hilaren 6an, 7an, 20an eta 21ean. 50.000tik gora beharginek egiten dute lan Bizkaiko industriarik garrantzitsuenean, eta ez dute hitzarmen berriturik; 2011. urtekoa da sektoreko azken ituna.

FVEM patronalaren ustez, sindikatuek egindako deialdia "atzerapausoa da akordioa lortzeko bidean". Negoziazioa blokatuta duenik ukatu egin du federazioak eta zehaztu du 2018ko otsailean negoziazioak berriz abiatu zirenetik "bost soldata proposamen desberdin" egin dizkiela sindikatuei, "aldi bakoitzean aurrekoa hobetuz". Azken eskaintza urtarrilean egin zuen: 2018 urterako KPI+%1,75, (%2,85); 2019. urterako KPI+%0,25; eta 2020. urterako KPI+%0,25.

Enpresa elkartearen aburuz, horrekin "argi gelditu da FVEM uneoro prest egon dela soldata taulen igoera duina negoziatzeko eraginpeko langile guztientzako". Soldata igoerez gain, beste zenbait gai "giltzarrietan" ere eskaintzak egin dituela esan du patronalak, hala nola, lan istripu eta lan gaixotasunen ondoriozko aldi baterako ezintasunen osagarrietan, berdintasunean, ultraaktibitatean eta ituna ez betetzeko aukerari uko egitearen inguruan. Mahaiko sindikatu guztien deialdi bateratuari buruz, patronalak esan du sindikatuen aldetik "negoziazio guztian ez dela izan eragintasun orokorreko hitzarmena posible egiten zuen proposamenik".

Hain zuzen, FVEM patronalak asteazkenean egindako agerraldian sindikatuei leporatu zien ez zirela ados jartzen "ezta negoziazio mahaiaren hurrengo bilera zehazteko ere".

Bada, grebak deitzeaz gain, lau sindikatuek Bizkaiko metalgintzako hitzarmenerako plataforma bateratua ere erregistratu dute Lan Harremanen Kontseiluan, euren eskakizun nagusiekin. Besteak beste, 2018. urteko urtarriletik pilatutako atzerapenak ordain diezazkieten nahi dute; bai eta itun posiblearen kontura aurreratutako ordainketak itzuli beharrik ez izatea ere, haiek itunak jasotzen dituenak baino handiagoak diren kasuetan. Sindikatuek nahi dute igoerak izatea tauletan zein soldata errealetan, eta sektoreko langile guztiei egitea. KPI+2ko igoera eskatzen dute tauletan, eta KPI+1ekoa soldata errealetan, itunaren indarreko urte bakoitzeko.

Horiez gain, subrogazio eskubidea eta lan erreformatik blindatzeko neurriak ere nahi dituzte: tartean, mugagabeko ultraaktibitatea eta klausula bat, non enpresak uko egingo dion hitzarmena ez aplikatzeko aukerari. Zortzi orduko lanaldia murriztea, aldi baterako kontratuak eta ABLE aldi baterako lan enpresak kontratatzeko aukera mugatzea eta genero berdintasuna areagotzeko neurriak dira ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek patronalari egindako beste eskaera batzuk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.