heriotza

Perez Rubalcaba hil da

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako hil da, iktus baten ondorioz ospitalean bi egunez egon ondoren. Haren itzala nabaria da, besteak beste, ETArekin egindako azken negoziazioetan eta 2007ko abuztuan Nafarroako PSNk hartu zuen erabakian.

jarraia166183.jpg
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 10a
09:48
Entzun

Gaur hil da Alfredo Perez Rubalcaba, joan den asteazkenean jo zion iktus baten ondorioz, Madrilgo Puerta de Hierro ospitalean. Kargu garrantzitsuak izan ditu Rubalcabak (Kantabria, Espainia, 1951) Espainiako Gobernuan. Euskal Herrian ezagunak dira haren hainbat adierazpen, bereziki, ezker abertzalearen eta gatazka armatuaren konponbide prozesuen inguruan. Itzalpetik eragin izan du gehiago, ordea. Une erabakigarri askotan sumatzen da haren itzala eta estrategia kalkulatzailea, betiere, Espainiaren estatu interesak gordetzeko. Estatu izaera horren erakusgarri, ospitaleratu eta beherala agertu zioten babesa, besteak beste, Espainiako Errege Etxeak, Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy presidente ohiek eta Pedro Sanchezek. Heriotzaren ondoren, erreakzio ugari iritsi dira.

"Egiten duzun dena ikusten dut, eta esaten duzun dena entzuten dut", bota zion 2009ko irailean Carlos Floriano PPko diputatuari. Hiru urte zeramatzan Barne ministro karguan (2006-2011), Zapateroren gobernuarekin. Hezkuntza eta Presidentetza ministro izan zen Felipe Gonzalezen garaian (1992-1996), politika "antiterroristako" PSOEren arduradun izendatu zuten ondoren, eta Aznarren gobernuarekin (1996-2004) ere hark egiten zituen harremanak gaiaren inguruan. Jakina da Euskal Herrian ere begi eta belarri ugari zituela. Iñaki Anasagastik kontatzen duenez, Rubalcabak berak esan izan du zergatik jarri zuten Barne ministro: "ETAri buruz nekienagatik".

Aurtengo otsailekoak izango dira euskal gatazkari buruz egindako azkenekotako adierazpen publikoak. Barne ministro zen garaian, PPk askotan egin zion kritika ETArekin negoziatzeagatik. Rubalcabak elkarrizketa haien "zilegitasuna" defendatu zuen duela hiru hilabete eskas, estratega onen estilora: azaldu zuen inoiz ez zuela konfiantza handiegirik izan prozesu horietan, eta beti defendatu zuela "su-etena haustera balihoa bezala" aritu behar zirela segurtasun indarrak. Funtsean, argudiatu ETAren "babes sozial eta politiko zabala" txikitzea izan zela negoziazioen helburua.

"Gerraz" eta "bakea irabazteaz"

Eta lortu zutela zioen. Hala adierazi zuen duela urtebete, ETAren desegitearen harira Eldiario.es-en egindako elkarrizketan: "Amaiera posiblerik onena da: ETAk berak erabaki du bere porrota deklaratzea". Jendaurrean tinko agertu arren, mesfidantzatik ere bazuen, ordea; kalkulu politikoek eraginda, ziurrenera. Jose Maria Aznarren ildo beretik, 2011ko uztailerako argi ohartarazi zuen "terrorismoaren bukaerak nazionalismoaren berrosatzea eta independentismoaren berpiztea" ekar zezakeela. Eta urriaren 20ko iragarpenaren ondoren ere bai: "Gerra irabazten aritu ondoren, ezin diegu onartu bakea beraiek irabaztea. Ezin diegu ametitu historia berridaztea; hor dago bataila".

Prozesu haien parte izan ziren ezker abertzaleko kideek ere esan izan dute, prozesua kontrolatzea ez ezik, haren ondoren etor zitekeen agertokia baldintzatzea zela Rubalcabaren helburu nagusietakoa. 2006ko udazkeneko Loiolako elkarrizketetan, esaterako, Rodolfo Ares "egun santu guztian" gelatik kanpo telefonoz hizketan aritzen zela kontatu zuen Arnaldo Otegik, 2016ko uztailean, BERRIAn: "Rubalcabaren gizona zen, eta harekin hitz egiten zuen. Negoziaziorako baino gehiago, Jesus [Egiguren] kontrolatzeko zegoen Ares". Bi urte beranduago, Pernando Barrenak: "Arazo nagusia Rubalcabak [2005-2007ko] prozesuaz zeukan ikuspegia izan zen. Obsesio bat zuen: ETAk guztia uztea eta prozesua eskema politikoan ez sartzea".

"Botoak edo bonbak", eta atxiloketak

2007ko udan, ezker abertzaleari mezu argia utzi zion Barne ministroak, nazioarteko eragileen bidez: 200 lagun baino gehiago atxilotuko zituela 2008ko martxoko Espainiako bozen aurretik. Bete zuen hitza; atxilotu gehienak inkomunikatu zituzten, eta urte erdi eskasean, ehun euskal preso gehiago zeuden kartzeletan —725etik gora—.

Bide beretik jarraitu zuen ondoren ere. Publikoki, agerikoa zen estrategia: "Botoak edo bonbak". Esanguratsuak izan zen, esaterako, 2009ko urriko Bateragune operazioa: ezker abertzalearen estrategia aldaketa ekarri zuen Argitzen txostena zabaldu eta ordu gutxira, eztabaida sustatzen ari ziren kideak atxilotu zituzten. "Zergatik egin zituen egun hartan atxiloketak eta ez lehenago?". Sortuko egungo idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezena da galdera —Bateragune operazioan atxilotu zuten—: "Saiatu, saiatu ziren. Estatuaren ahalegina ezker abertzalea apurtzea zen".

Azaroan egin zuten Segiren aurka egindako sarekada handiena —34 gazte atxilotu zituzten—; "ETAren harrobiari burua moztu diogu", esan zuen Rubalcabak. 2010ean, Askapenaren aurkako operazioaren ondoren, atxilotuak "ETAren GKEaren" parte zirela zabaldu zuten.

"Botoak edo bonbak" zen, publikoki, estrategia. ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri eta berehala moldatu hasierako esaldia, ordea: bonbak, eta botoak nahi zituen. "Bonbak kenduta, botoak kendu behar dizkiegu orain".

Gorenak absolbitu zuen ministroa

Garai hartako ehunka atxilotuetatik, askok salatu zituzten torturak, baina itzalpean mantendu zituzten kasu gehienak. Ezohikoa, Igor Portu eta Mattin Sarasolarena izan zen: 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Atzeman eta hamazazpi ordura eraman zuten ospitalera Portu, zauri larriekin eta bestelako tortura zantzu nabariekin. Rubalcabak uneoro defendatu zuen Guardia Zibilaren bertsioa, eta agerraldi bat ere egin zuen, propio, esateko atxiloketa unean ihes egiten saiatu zirela Portu eta Sarasola. Horrekin lotu zituen zauriak.

Mediku txostenek eta bestelako datu batzuek, ordea, argitara atera zuten hainbestetan isilpean geratu ohi zena. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen 2010eko abenduan, operazio buru izandako sarjentua tartean, eta argi utzi zuen ezinezkoa zela Poliziaren (eta Rubalcabaren) bertsioa egia izatea. Urtebete baino lehen, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen lau guardia zibilak, atxilotuek salaketak ETAren aginduak jarraituz egin zituztela argudiatuta.

Nafarroa, estatu auzia

Nafarroarekiko politikan ere, estatuaren berme izan da Rubalcaba. 2015eko aldaketaren aurretik, PSNk izan zuen aukerarik UPN gobernutik kentzeko. 2007ko abuztukoa ezaguna da. NaBai eta IUrekin koalizio gobernua egitekotan zen PSN, baina PSOEk eragotzi zuen azken unean. Hala kontatu zuen, esaterako, Patxi Zabaletak 2014an: "Rubalcabak eragotzi zuen UPNren alternatibarako gobernua, ez [Pepe] Blancok. Haren peoia zen Blanco".

Ez zen hura izan aldi bakarra. 2014an, larri zen Yolanda Barcinaren gobernua, CAN auziagatik, eta zentsura mozioa aurkezteko asmoa ere agertu zuen PSNk. "Jar dezala Rubalcabak ordena pixka bat Nafarroan", esan zuen Ralfonso Alonso Kongresuko PPren bozeramaileak. Roberto Jimenez zen PSNko idazkari nagusia, eta kargua uztean, argi esan zuen: "Saiatu nintzen gobernu aldaketarekin, eta ez zidaten utzi, batez ere Alfredo Perez Rubalcabak eta Elena Valencianok".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.