Kaledonia Berria

Babesa handitu arren, Kaledonia Berriko inpedendentistek ez dute gehiengorik lortu

Atzoko hauteskundeetan, 26 diputatu eskuratu dituzte Kaledonia Berriko Kongresuan; loialistek, aldiz, 28. Gehiengoari eutsi diote independentistek Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun Uharteetan.

Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren (FLNKS) bandera independentziaren sinbolo bilakatu da. Irudian, FLNKSren jarraitzaileak, ekitaldi batean. FLNKS
2019ko maiatzaren 13a
12:07
Entzun

Kaledonia Berriko Kongresuan loialistek jarraituko dute gehiengoan. Hauteskundeak izan zituzten atzo, lehen aldiz, iazko azaroaren 4ko independentzia erreferendumaren ondoren. Frantziaren parte izateko hautua gailendu zen (%56,7-43,3) orduko hartan, baina independentismoak espero baino askoz ere emaitza hobeak lortu zituen. Atzoko hauteskundeetan ere nabaritu zen gorakada: azken bozetan baino diputatu bat gehiago eskuratu zuten independentistek (26), baina ez dute lortu loialisten gehiengoa gainditzea (28 diputatu).

Etorkizuna Konfiantzaz koalizioa izan da boto gehien eskuratu dituena —Kaledoniar Errepublikanoek eta Errepublikanoak Batasuna-MPC indarrek osatua da—; 18 diputatu ditu orain, eskuin loialistaren arteko barne lehian Kaledonia Elkarrekin alderdiari (7) aurrea hartuta.

Independentisten artean, Independentziarako Batasun Nazionala eta UC-FLNKS ziren indar nagusiak. 9 diputatu lortu dituzte Batasun Nazionalekoek, eta UC-FLNKS-k 15, guztira. Alderdi Laboralistak eta Dynamique Autochtone taldeek ordezkari bana izango dute.

Independentistek gehiengoari eutsi diote Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun Uharteetan. Aldiz, loialistak izan dira garaile Hegoaldeko Probintzian.

Itxaropen handia zuten independentistek atzoko bozetan. 2020an beste galdeketa bat egiteko aukera dute kanakek, baina Kongresuaren esku legoke deialdia egitea. Iaz bezala, galdeketa horretan ere hautesleek ezezkoaren aldeko apustua egingo balute, 2022an hirugarren erreferenduma egiteko aukera izango lukete.

Pazifikoko kolonia frantziarra da Kaledonia Berria; 1999 arte TOM estatusa izan zuen (itsasoz haraindiko lurraldea), baina orain subiranotasun partekatuko lurraldea da —Frantziaren mende dauden kolonietan estatus hori duen bakarra da—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.