Musika

Ostiralean abiatuko da 47. Musikaste, Errenterian

Maiatzaren 17tik 25era, hamar kontzertu eskainiko ditu musika klasikoaren jaialdiak. Joaquin Ojinaga ekarriko dute gogora, haren jaiotzaren hirugarren mendeurrenean.

47. Musikasteren aurkezpena, gaur goizean, Errenterian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 13a
13:11
Entzun

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren "erakusleiho handiena" bihurtu da Musikaste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan. Hala adierazi du, gaur goizean, jaialdiaren 47. aldiaren aurkezpenean. Musikastek eta bai Eresbilek "euskal musika sistemari" egiten dioten ekarpena azpimarratu du, eta ildo beretik jo dute agerraldian izandako gainontzeko ordezkariek ere: Julen Mendoza Errenteriako alkateak,  Mikel Diez Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendariak, Jon Bagues Eresbileko zuzendariak eta Andoni Sierrak Andre Mari Abesbatzako zuzendariak.

Denera, hamar emanaldi izango dira aurten Musikasten, eta horietatik sei bizirik dauden egileenak izango direla nabarmendu du Baguesek, konpositore garaikideen lana sustatzeko asmoari jarraituta. Horrekin batera, aurreratu du emakume konpositoreen berreskurapenean lanean jarraitzen dutela, eta kontzertu ia guztietan, gutxienez, emakumezko konpositore baten obra bat entzun ahal izango dela aurten. Jaialdiak "Bizkaiko kolorea" hartuko duela ere aipatu du; Joaquin Ojinaga bilbotarra ekarriko dutelako gogora — Khantoria taldeak egingo du, maiatzaren 19an eskainiko duen kontzertuan—, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duelako amaierako kontzertua, konpositore bizkaitarren obrekin.

Ensemble Kuraia taldearen ganbera kontzertuarekin abiatuko da jaialdia ostiralean. Asteburuan izango dira hurrengo hitzorduak, eta astelehenetik asteazkenera kontzertu didaktikoentzako tartea hartu ostean, hilaren 23an, ostegunez, izango dira hurrengo emanaldiak. Koruen eguna maiatzaren 24an izango da, eta lau gonbidatu hartuko ditu aurten: Nayade abesbatza, Landarbaso abesbatza, Kalakan taldea eta Virgen de la paz korua.

Eresbilen zein Musikasteren sortzaile, maiatzaren 1ean zendu zen Jose Luis Ansorena musikologo eta konpositorea, eta aurten bereziki hari eskainitako jaialdia izango dela aipatu du Baguesek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.