KPI-a

Aste Santuak eta erregaiek %1,7ra igo dute inflazioa Hego Euskal Herrian

Oporraldiak ostalaritzaren eta bidaien prezioak handitu ditu.

Gasteizko taberna bateko terraza. Artxiboko irudia.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 14a
13:37
Entzun

Martxotik apirilera %1 igo dira prezioak Hego Euskal Herrian, eta horrek bi hamarren handitu du urte arteko inflazioa, %1,5etik %1,7ra.

Bada aldea lurralde batetik bestera: %1,6ra iritsi da inflazioa Araban eta Bizkaian, %1,8ra Gipuzkoan, eta %2,1era Nafarroan.

Igoeraren zati bat gasolioaren eta gasolinaren garestitzearen ondorio da. Venezuelako eta Libiako egoera nahaspilatsua eta AEBek Iran ekonomikoki itotzeko saioa eskasia ekartzen ari dira petrolioaren merkatura, eta Brent upelaren prezioa berriro 70 dolarretik gora dago. Horren ondorioz, garraioaren atala da urte batetik bestera inflazio handiena izan duena: %4,4 Nafarroan, eta %4,7 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, INEren arabera.

Haren atzetik dator ostalaritza: %2,9 Nafarroan eta %2,4 beste hiru lurraldeetan. Atal hori %0,9 garestitu da azken hilean, Aste Santuaren ondorioz prezioak igo dituztelako ostalariek eta hotelek.

Oporren eragina ikus daiteke apirilean gorakada handien izan duen atalean ere, jantzietan eta oinetakoetan. Hilabete eskasean, %8,2 garestitu dira Nafarroan, eta %10,6 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.