Bakea eta elkarbizitza

Berriz hasi dira euskal ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko elkarrizketak

"Laster" urratsak egitea espero dutela adierazi dute 'bakegileek'. Ekainaren 7an eta 8an Miarritzen konferentzia bat eta giza kate bat eginen dituzte, bake prozesuan aitzinamenduak egitea eskatzeko. Presoen auziari "konponbide integrala" aurkitzea jarri dute lehentasun gisa 'bakegileek'.

jarraia166332.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko maiatzaren 14a
07:08
Entzun

"2019. urtea erabakigarria izatea espero dut". Hala adierazi du Michel Veunac Miarritzeko (Lapurdi) auzapezak heldu den ekainaren 7 eta 8an bere herrian antolatu dituzten bi ekitaldiak aurkezteko goiz honetan egin duten prentsaurrekoan. Haren ondoan agertu dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Luzien Betbeder Auzapezen Biltzarreko presidentea, Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramailea eta Mixel Berhokoirigoin bakegilea. Bake prozesuaren aitzinamendua helburu, bi ekitaldi prestatu dituzte: ekainaren 7an konferentzia eginen dute Bellevue kasinoan, eta ekainaren 8an, giza katea. "Miarritze fokupean izatea baliatu nahi dugu", azaldu du Berhokoirigoinek.

Elkarbizitza izanen da ekainaren 7ko konferentziaren ardatza. "Gaia kokatu nahi dugu, erronkak eta arriskuak mahaigaineratu, eta azken urte luze hauetan arlo horretan lanean ari direnei balioa eman", adierazi du Funosasek. Oraindik programa osatua ez badute ere, "sufrimendu ezberdinen lekukotasunak" egonen direla baieztatu du.

Bake Bideako eledunaren hitzetan, elkarbizitza eraikitzeko "ezinbestekoa" da presoen auzia konpontzea. Joan den abenduan egin zuten azken agerraldian, Justizia Ministerioarekin zuten harremana "blokeo" egoera batean zegoela aipatu zuten. "Erran genuen ez zela baldintzarik presoen gaia modu eraikitzailean konponbide lerro batean jartzeko, eta deia egin genion Euskal Herriko gizarte zibilari, indarrez berretsi zezan bake prozesu hori aitzinatu behar dela". Oroitarazi du 9.000 pertsona elkartu zirela Baionan, eta 85.000 Bilbon. Bi urrats aipatu ditu: salbuespen neurriak bukatzea, eta presoen auziari aterabide integral bat emateko "kuadro bat" bat aurkitzea. "Gure helburua elkarbizitza eraikitzea da, eta elkarbizitza ezin da eraiki herra eta mendekuaren gainean".

Gaurko agerraldian adierazi dutenez, Frantziako Gobernuak urratsak eginen dituela espero dute. Hala ere, garrantzitsutzat jo dute bake prozesuaren aldeko mobilizazio jendetsu bat antolatzea. Helburu hori izanen du Palais hotela eta Birjinaren haitza lotuko dituen ekainaren 8ko giza kateak, Orain presoak lelopean. "Presoen auziaren konponbidea ez da hurbilketa; hurbilketa etapa bat da", azpimarratu du Funosasek. Beste etapetara iristeko garaia dela adierazi du, salbuespen neurriak deuseztatzetik hasita. Alde horretatik, aipamen berezia egin nahi izan die Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroti. "30 urte betetzen hasiak dira presondegian. Hemen inork ez du ulertzen nola egoera horrek segitu dezakeen; inork ez du ulertzen terrorismoaren kontrako fiskaltzak duen jarrera". Euskal Herrian bide bat egin dela eta bide horretan segitu behar dela adierazi du. "Gure iragana ulertu nahi dugu. Ariketa hori ezingo dugu osorik egin jendearen perspektiba kartzela eta kartzela baizik ez bada".

Luzien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakariak hautetsi guziei dei egin die bi ekitaldietan parte hartu dezaten. Sare mugimenduak ere bat egin ekainaren 8ko deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.