Katalunia

Hauteskunde batzordeak ez die baimenik eman Comini eta Junquerasi TV3ko eztabaidan parte hartzeko

Auzitegi Gorenak, berriz, baimena eman die Espainiako Gorteetako parlamentari akta jasotzeko preso dauden hautetsi independentistei.

Raul Romeva eta Oriol Junqueras bideo bidez ERCren kapainako ekitaldi batean parte hartzen, apirilaren 21ean. JAUME SELLART, EFE
2019ko maiatzaren 14a
18:15
Entzun

Oriol Junquerasek eta Antoni Cominek ezingo du parte hartu TV3 Kataluniako telebista publikoko eztabaidan. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaien eztabaida egingo dute gaur gauean 22:00etan, baina Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzi du ordu horretan izateak espetxeko ohiko funtzionamenduan eragiten duela eta baimena ukatu dio Junquerasi. Comin bideokonferentziaz zen parte hartzekoa, eta hari ere ez diote aukerarik eman.

Junquerasen kasuan, Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak atzo aldeko erabakia hartu zuen, baina Soto del Realeko (Espainia) espetxeko zuzendaritzak gaur goizean agertu du kontrako iritzia. Espetxeko iturrien arabera, 22:00etan presoek euren ziegetan egon behar dute, eta Junqueras beste areto batera eramateak eragin "asaldatzailea" izan dezake. Ikuspegi hori onartu du hauteskunde batzordeak.

Bide batez, Orain Errepublikak (EH Bildu, ERC, BNG) koalizioaren zerrendaburuak ezingo die elkarrizketarik eman ez Ara egunkariari, ezta Catalunya Radio irratiari ere. Etzirako zituen lotuta, 09:00etarako eta 10:30etarako, baina espetxe zuzendaritzak hauteskunde batzordeari jakinarazi dionez, bideokonferentzietarako kartzelako aretoa "erresebatuta" egongo da ordu horretan.

Junquerasek txio batekin erantzun dio batzordearen erabakiari.

ERC Esquerra Republicanako liderrari berari eta Antoni Comin JxC Junts Per Catalunyaren Europako hauteskundeetarako zerrendako bigarrenari eman zien baimena, atzo, Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak. Horren berri eduki ondoren, Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuak txio bat idatzi zuen Twitterren, adieraziz Junquerasek debatean parte hartzen bazuen berak ere parte hartu nahiko lukeela. Azkenean, Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabakiz, Cominek ere ezingo du parte hartu. Ciutadans alderdiak Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren kontrako helegite bat jarri du Espainiako Hauteskunde Batzordean, gaur goizean.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, bai Junquerasek, baita Jordi Sanchez JxCren hautetsiak ere, hainbat elkarrizketa eman zituzten kartzelatik. Ez zieten utzi, ordea, debateetan aritzen.

Parlamentari aktak hartzeko baimena

Goizean, baina, preso dauden politikari kataluniarrek albiste pozgarri bat jaso dute, Espainiako Auzitegi Gorenak baimena eman dielako Espainiako Gorteetarako bozetan hautetsi aukeratu zituztenek parlamentari akta jasotzeko. Espainiako Auzitegi Gorenaren baimena maiatzaren 21era mugatuko da. "Salbuespenezko" neurria izango dela adierazi du eta era horretan Oriol Junquerasek, Josep Rullek, Jordi Turullek eta Jordi Sanchezek diputatu akta hartu ahal izango dute maiatzaren 21ean, Espainiako Kongresuan. Egun berean, Senatura joango da Raul Romeva, senatari akta jasotzera.

Auzitegiak baztertu egin du kautelazko neurriak indargabetzeko defentsek egin duten eskaria, eta eutsi egingo dio behin-behinean kartzelatuta dauden bost hautetsi independentisten orain arteko baldintzei.

Auzitegiaren arabera, preso dauden hautetsiak zaintzapean eraman beharko dituzte Kongresura eta Senatura, eta bi ganberetako presidentetzek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, osoko bilkuren aretora sartzen direnean haien segurtasuna bermatuta egon dadin. Ebazpenak dio hautetsiek "atzerapenik gabe" itzuli beharko dutela espetxera, osoko bilkurak amaitzen direnean.

Bestalde, auzitegiak ukatu egin du epaiketa eteteko akusatuen abokatuek aurkeztu duten eskari formala ere. Defentsek argudiatu dute auzitegiak baimena eskatu beharko liekeela Espainiako Gorteei epaiketarekin jarraitu ahal izateko, foruen babesa dutelako orain. Auzitegiak, baina, baztertu egin du epaiketaren "bilakaera normalerako" Kongresuari eta Senatuari baimena eskatzea dagokionik, akusatutako hautetsiak hauteskundeetara aurkeztu zirenean dagoeneko auzipetuta zeudelako. Auzitegiak nabarmendu du Gorteei epaiketarekin jarraitzeko baimena eskatu behar izanez gero botere legegilearen esku hartzea onartuko litzatekeela esparru judizialean, egoera berraztertzeko aukera emango litzaiokeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.