Udal eta foru bozak

Andoni arrain saltzailea kexu da: "Bizitzeko ari naiz"

Ia 18 orduko lanaldia duen langile bat jarri du eredu gisa Unai Rementeria Bizkaiako ahaldun nagusi eta EAJko hautagaiak. "Ez da kexatzen, ez du laguntzarik eskatzen; ideiak bakarrik eskatzen ditu", idatzi zuen, besteak beste. Erantzun ugari eragin ditu mezuak.

EAJren agerraldia Bilbon, merkataritzaren inguruan. EAJ.
2019ko maiatzaren 14a
07:23
Entzun

"Ez naiz bi enplegutan ari disfrutatzeko, bizitzeko baizik". Andoni Artiz arrain saltzailea da Barakaldon (Bizkaia), eta, SER irratiaren arabera, Unai Rementeria Bizkaiako ahaldun nagusiaren txio ezaguneko protagonista. Rementeriari irakurrita, badirudi gustura egiten duela egunean ia 18 orduko lanaldia. "04:30ean jaikitzen da, postuaren kargu egin, eta arratsaldez beste denda batean egiten du lan. Gaueko hamarretan ixten du pertsiana. Ez da kexatzen, ez du laguntzarik eskatzen; ideiak bakarrik eskatzen ditu. Jende honek merezi du saiatzea", idatzi zuen EAJko hautagaiak Twitterren, tokiko merkataritzari eta udal eta foru hauteskundeei erreferentzia eginez.

Andoni Artizekin hitz egin du SER irrati kateak, eta bestelako bertsioa eman du langileak. Bi enplegu ditu, baina kexu da, eta laguntza eskatu du: "Ez ireki saltoki handi gehiago, merkataritza txikiari kalte egiten baitio. Tokiko merkatuentzat diputazio eta udalen laguntza falta da, Barakaldon, esaterako; negozioak ixten ari dira pixkanaka". Bi enplegu izan arren, Artizek azaldu du ezin izaten dutela ordaindu Barakaldo Udalak merkatuko postuagatik eskatzen diena: "600 euro baino gehiago ordaintzen ditugu merkatua mantentzeko, uraz eta argiaz gain".

Merkatariengana, kanpainan

Maiatzaren 26ko hauteskundeetako kanpaina dela-eta, Ermuko eta Barakaldoko merkatariekin izan ziren hautagai jeltzaleak, eta haiek esandakoak aipatu zituzten ondoren Bilboko Zazpikaleetan egindako agerraldi batean. Besteak beste, merkatari txikientzat produktuak online saltzeko aukera proposatu zuten EAJkoek. Natalia delako Ermuko dendari baten kasua ere aipatu zuen Rementeriak; agerraldian eta sarean ere bai: "Kontatu zigun konplikatua dela batzuetan. Alokairuak, berrasmatu beharra... Jende honek merezi du saiatzea".

Sarean erreakzio ugari eragin ditu Rementeriaren mezuak. Askok leporatu diote, praktikan, esklabotza egoerak defendatzea eta baldintza prekarioak eragiten dituzten politikak sustatzea. Zenbaitek arreta jarri dute Ezkerraldeko egoeran ere: gainerako lurraldeetan baino langabezia handiagoa dute han, eta Barakaldon, esaterako, eragin handia izan dute azken urteetan sustatutako megasaltokiek. DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen aurkako mezua ere ikusi du beste batzuek Rementeriaren hitzetan —"ez da kexatzen, ez du laguntzarik eskatzen"—.

Rementeria Mundakan (Bizkaia) jaioa da, eta han bizi da oraindik. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta enpresan nahiz administrazioan, goi karguetan aritu izan da. Espainiako Lurralde Politikarako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren arabera, 101.965 euro kobratzen ditu urtean diputatu nagusiaren karguagatik.

 

Parodia kontu bat ere sortu dute Twitterren:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.