Transexualitatea

'Moio. Gordetzea ezinezkoa zen' liburua argitara eman du Kattalin Minerrek

Aimar Elosegi Ansa gazte transexualaren suizidioaren inguruko memoria ariketa egin du Minerrek, Tene Mujika bekarekin. Jazoera hari "begirada politiko bat" eskaini nahi izan dio.

Kattalin Miner, 'Moio. Gordetzea ezinezkoa zen' liburuaren egilea. ANDONI CANELLADA/FOKU
Julen Aperribai.
2019ko maiatzaren 15a
14:22
Entzun

Herrikidea eta lagun mina zuen Aimar Elosegi Ansa gaztea Kattalin Miner idazle eta kazetariak, eta gertutik bizi izan zuen gaztearen heriotza, duela hamabi urte. Sozialki oihartzun eta erantzun zabala izan zuen gertakariak Hernanin, baina, pixkanaka, "plano intimora" igaro dela uste du Minerrek. Ezinegon horretatik abiatuta osatu du liburua Minerrek. Bederatzi testigantza jaso ditu, 'Moio. Gordetzea ezinezkoa zen' (Elkar) liburuan. Gaur aurkeztu du, Donostian.

"Ez da biografia liburu bat", Minerrek adierazi duenez, "nahiz eta pertsona baten bueltan egindako narrazioa den". Elosegi Ansaren suizidioaren inguruko memoria ariketa egin nahi izan du Minerrek, ezinegon batetik tiraka: "Konturatu nintzen ezinegona eragiten zidana zela gaia oso isilik zegoela, batez ere, duela hamabi urte izan zuen erantzunarekin eta oihartzunarekin alderatuta. Nolabait, gai hau plano intimora pasa genuela sumatu nuen. Sozialki ez ginen memoria egiten ari. Eta ez hori bakarrik; intuizioa nuen ez ginela ari transmisioa bermatzen".

Eguneroko bat idazteari ekin zion orduan, "oso modu intuitiboan", baina bide hori akitu egin zela igarri zuen: "Egunerokoan idazten nituenak galderak baino ez ziren. Beharra sentitu nuen zer egiten ari nintzen konpartitzekoa. Segituan konturatu nintzen asko neukala entzuteko. Ikusi nuen jende askok zuela behar hori, eta jende askok zituela gertatutakoaren irakurketa politiko, pertsonal, sozial nahiz kulturalak". Ahots desberdin horiek jasotzeari eman zion lehentasuna, eta hala osatu du liburua.

Bederatzi testigantza jaso ditu, eta ertz desberdinetatik egindako begiradak bildu nahi izan ditu. Elosegi Ansaren anaia, kuadrillako lagunak, Brayan Altimasbere Hernaniko gazte transexuala eta Medeak talde transfeministako kideak elkarrizketatu ditu, besteak beste. Kultur ikuspegitik halako gertaera batek izan dezakeen eragina ere aztertu nahi izan du, eta Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Iratxe Retolaza kultur kritikari eta EHUko irakaslearen testigantzak ere jaso ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.