Txirrindularitza

Pascal Ackermannek berriro irabazi du Giroan

Txirrindulari alemaniarrak bigarren etapa garaipena lortu du. Tom Dumoulin erretiratu egin da. Bere burua probatu nahi izan du, baina hasi eta berehala ikusi du ezin zuela

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 15a
07:13
Entzun

Euripean aritu dira txirrindulariak bosgarren etapa osoan, eta horrek eragina izan du, arriskurik ez baitute hartu nahi izan. Eguneko ihesaldia izan da, sei txirrindulariz osatutakoa, baina tropelak banaka harrapatu ditu guztiak. Azkenean, esprintean erabaki da, eta Ackermann (Bora) indartsuena izan da berriro. Fernando Gaviria (UAE) eta Arnaud Demare (Groupama) sailkatu dira bere atzetik. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik lehen postuetan, eta Primoz Roglicek (Jumbo) jarraitzen du lider.

Tom Dumoulin izan da eguneko protagonista. Italiako Giroko faborito nagusia zenak proba utzi du. Tom Dumoulinek (Sunweb) ezin izan dio minari eusti, eta bosgarren etapan irten den arren, ez jarraitzea erabaki du. Astearteko etapan eroriko gogorra izan zuen, eta zauri handia egin zuen izterrean. Lau minutu galdu zituen sailkapen nagusian, eta elastiko arrosaren lehiatik kanpo gelditu arren, jarraitzeko asmoa plazaratu zuen, etapen lehian sartzeko. Gorputzak, baina, ezetz esan dio, eta hasi eta berehala utzi du lehia.

Dumoulinek Giro irabazi zuen 2017an eta bigarren izan zen iaz. Faborito handiena zen askoren ustez, eta lehen eguneko erlojupekoan Primoz Roglicekiko (Jumbo) minutu erdi galdu ondoren oraindik lehia betean zegoen. Aurreko urteetan zortea izan du erorikoekin, aurten, aldiz, ez, eta bera izan da lehen astean hain ohikoak diren erorikoek sortu duten lehen hutsune entzutetsua.

Ez da Giroa utzi duen txirrindulari bakarra, UAE taldeak Juan Sebastian Molano kolonbiarra lehiatik kanpo utzi baitu. “Ezohiko emaitzak” eman ditu talde barneko dopin kontrol batean, eta emaitza horien iturria ezagutu arte baztertu egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.