EFES 83 - 91 Cska

Zortzigarren Euroliga eskuratu du Gasteizen Moskuko CSKA-k

Will Clyburn estatubatuarra aukeratu dute lauko finaleko jokalaririk onena. Cskakoak 20 puntu lortu zituen Anadolu Efesen aurkako partidan.

Cskako kideak kopa eskuetan dutela, atzo, Gasteizen. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 20a
12:25
Entzun

Hasieratik izan zen nagusi Moskuko Cska, Anadolu Efesen aurkako neurketan. Ahal zuen guztia egin zuen Shane Larkinek turkiarrak aurreratzeko, baina hark lortutako 29 puntuak ez ziren nahikoak izan Euroliga irabazteko. Nabarmen lan hobea egin zuten Cskako izar estatubatuarrek. Cory Higgins eta Will Clyburnek sartu zituzten Moskukoen 91 puntuetatik 40.

Lehen minutuetan bi taldeak berdinduta egon baziren ere, Higginsen hiru hirukoek hamabi punturen aldea eman zieten Moskukoei. Beauboisek lehen laurdenaren amaieran sartutako hirukoak apur bat murriztu zuen aldea. Defentsa sendotu zuten turkiarrek bigarren laurdenean, eta horrek zaildu egin zuen Errusiako taldearen lana. Hala, bost punturaino murriztu zuten aldea (36-31). Goranzko bideari eutsi zioten Efesekoek, eta, Micicen eta Larkinen lanari esker, 22-10eko partziala egin zuten zazpi minutuan.

Partidaren bigarren erdian, ordea, rolak irauli egin ziren. Erasoari ekin zioten, eta, apurka-apurka, Turkiarren defentsa zulatu zuten Moskukoek. Cskako jokalari estatubatuarrak izan ziren hirugarren laurdeneko izarrak. Clyburnek, Higginsek, Hinesek eta Hunterek 14 punturen aldea eman zioten taldeari, markagailuan 54-68ra helduz. Soilik Micic eta Larkinen saskiratzeek lortu zuten Moskukoen goraldia geldiaraztea. Hirugarren laurdenaren amaieran 60-68 ageri zen markagailuan.

Antzera joan zen laugarren zatia ere. Moskuko Cska beti aurretik izan arren, Efes Turkiarra gertu ibili zen. Azkenean, baina, alferrik izan ziren Larkinen ahaleginak, eta Errusiara joan zen Euroliga.

Lortutakoarekin pozik agertu da Dimitris Itoudis entrenatzailea, eta taldeak egindako ahalegina goraipatu du: "Neurketa bakoitza final baten parekoa izan da. Bat eginda dagoen taldea da gurea. Jokalariek euren gorputza eta denbora sakrifikatzen dute hemen egon ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.