Teknologia

Huawei Android gabe utzi du Googlek

AEBetako teknologia enpresa nagusiak Huawei hornitzeari utziko diote, Trumpen debekuaren ondoren.

jarraia166583.jpg
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 20a
07:43
Entzun

AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra lehen biktima bat eragitekotan da: Huawei. Munduko telefonia konpainia nagusietako bat zen Txinako enpresa: haren sakelako telefonoak gehien salduen artean hirugarren kokatu ziren iaz —Samsungen eta Appleren atzetik—, eta haren telekomunikazio sareak mundu osoan zehar erabiltzen dira. Baina, joan den astean, Donald Trumpek debekatu egin zien AEBetako konpainiei Huaweirekin tratuak izatea, Txinako konpainia Pekingo gobernuaren alde espiatzen ari delakoan. 

Etxe Zuriaren agindua betetzen lehenetako bat Google izan da: jakinarazi du Android sistema operatiboaren zerbitzua eten diola Huaweiri. Horrek ez du esan nahi Huawei telefonoak automatikoki funtzionatzeari utziko diotenik; Androiden kode irekiko bertsioa erabiltzen jarraitu ahal izango dute, doakoa baita eta edonork duelako erabiltzeko aukera.

Baina Huawei telefonoek ezingo dituzte eguneratu Android sistema, haren segurtasun neurriak eta hura erabiltzen dituzten aplikazioak. Horrek esan nahi du hilabete gutxiren buruan segurtasun arazoak izan ditzaketela, eta aplikazio askok ongi funtzionatzeari utziko diotela.

Halaber, Huawei telefono berriek ezingo dituzte Googleren aplikazioak instalatu, hala nola Gmail. Google Maps, Play Store eta You Tube.

Huaweik ziurtatu du bere kasara eguneratuko dituela orain funtzionatzen ari diren telefonoak, eta "software ekosistema segurua eta jasangarria" sortzen jarraituko duela.

Txinako Gobernuak babesa eman dio Huaweiri, eta auzitegietara jotzeko aholkatu dio.

Prozesatzailerik gabe

Baina Google ez da Huaweirekiko harremanak hautsi dituen bakarra. Prozesatzaileen egile nagusiek ere AEBetakoak dira —Intel, Qualcomm, Broadcon, Xilinx...— eta dagoeneko jakinarazi dute Huawei hornitzeari utziko diotela.

Bloombergek dioenez, Huaweik bazekien une hori irits zitekeela, eta azken hilabeteetan prozesatzaileak eta beste osagai batzuk pilatzen aritu da. Uste dutenez, bere osagai propioak egin nahi ditu Txinako konpainiak, AEBetako multinazionalen menpeko ez izateko.

Ikusteko dago zer eragin izango duen Trumpen debekuak Europako enpresetan. Alemaniako Gobernuak goizean esan du gaia aztertzen ari dela.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.