Euskara

Uztaritzeko bost hautetsien dimisioa ez dute kontuan hartu, euskaraz idatzia delako

Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezak maiatzaren 23ko herriko kontseiluan parte hartzeko gomita bidali die dimisioa aurkeztu zuten bost hautetsiei.

Uztaritzeko (Lapurdi) Herriko Etxea. IPAR EUSKAL HERRIKO HITZA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko maiatzaren 21a
15:37
Entzun

Tentsioak segitzen du Uztaritzeko herriko etxean. Auzapezarekin dituzten desadostasunengatik herriko kontseilutik dimititzen zutela jakinarazi zuten joan den apirilean bost hautetsi abertzalek. "Demokrazia eta gardentasun" falta leporatu zizkioten gehiengoko taldeari, eta herriko kontseiluetan euskara hutsean mintzatu ahal izateko eskubidea aldarrikatu; besteak beste, bat-bateko itzulpen sistema ezartzeko eskatu izan dute azken urteetako eztabaidetan. Itzulpen sistema ezartzea legez kanpokoa dela azpimarratu zuen Karrerek BERRIAri eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ri emandako elkarrizketan, eta, azken urteetan egindako lana babestuta, 2020ko hauteskundeetan berriz aurkezteko borondatea erakutsi zuen.

Baina afera ez da horretan gelditu: maiatzaren 23an iraganen den herriko kontseiluan parte hartzera gomitatuz Bruno Karrere auzapezak bidali dien gutuna publiko egin dute gaur dimisioa aurkeztu zuten bost hautetsiek. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak idatzitako gutuna lotu dio gomitari. Bertan esplikatua da, dimisioa aurkeztu zutenek igorri moduan, euskara hutsean helarazi ziola Karrerek bost hautetsien dimisio gutuna prefetari, formari dagokionez bere iritzia galdeginez. Bere erantzunean, prefetak esplikatzen du dimisio gutunak "nahaskeriarik gabekoak" izan behar direla, autorearen borondateari buruz zalantzarik egon ez dadin. Gutunak euskara hutsean idatziak direnez, "frantsesezko itzulpenik gabe", prefetaren iritziz ezin da ebatzi nahaskeriarik gabekoak direla. Ondorioz, dimisioak ezin direla onartu ebatzi du. Halaber, dimisioa onartu ahal izateko, hautetsi horien izenak "egoera zibilean" bezala agertu behar direla nabarmendu du, hala nola, Arño Ospitaletxe, Janp Lapeyrade eta If Matxikote.

Uztaritzeko auzapezaren jarrera gaitzetsi dute bost hautetsiek, eta oroitarazi dute Uztaritze Bai taldearen egitasmoan "uztariztar bakoitzak nahi duen hizkuntzan aritzeko eskubidea" bermatuko zutela erran zutela. Halaber, oroitarazi dute auzapezari dagokiola dimisio bat onartzea eta legalki ez duela zertan prefetaren iritzia galdetu. "Apirilean igorri dizugun dimisio gutuna jaso ondoren Prefetari iritzia eskatu diozu behartua izan gabe, gure erabakia kontuan hartzea zure esku baita. Gainera, gure dimisioei buruz dudak izanez gero, horien berrespena eskatzen ahal zenigun ahoz edo idatziz. Alta ez duzu bide hori hautatu", adierazi dute auzapezari zuzendutako gutunean. Halaber, dimisio gutuna berbidali diote, hautetsien izenen grafia aldatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.