Hezkuntza

Gipuzkoan eskola segregazioa "orokortzen" ari dela ohartarazi dute

Eusko Jaurlaritza bi abiadurako hezkuntza sistema eraikitzen ari dela salatu dute hezkuntza arloko hainbat eragilek. "Irregulartasunak" salatu dituzte matrikulazioetan, itunpekoen mesedetan.

Cristina Uriarte hezkuntz sailburua, haur batzuekin. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 21a
07:20
Entzun

Bilbo Handia, Gasteiz eta Arabako Errioxa dira eskola segregazioaren puntu beroak Euskal Autonomia Erkidegoan, hezkuntza arloko hainbat eragileren arabera. Baina ohartarazi dute fenomeno hori Gipuzkoan ere "orokortzen" ari dela. Zifra batzuk eman dituzte: lurraldean, batez beste, ia %6ko aldea dago eskola publikoaren eta itunpeko ikastetxeen artean, "Euskal Herrian jatorria duten familietako ikasleen eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleen eskolatzean". Haur Hezkuntzan, ia %8koa. Azpimarratu dute alde hori "handiagoa" dela publikoaren eta ikastolen sareko ikastetxeen artean. Eragile horiek diotenez, Gipuzkoako "toki batzuetan" %32koa da.

Egoeraren berri emateko agerraldia egin dute Donostian. ELA, CCOO eta Steilas sindikatuetako kideak, Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen federaziokoak, eta EHIGE eta Baikara gurasoen elkartekoak. Salatu dute Eusko Jaurlaritza "bi abiadurako hezkuntza sistema" eraikitzen ari dela, eta Gipuzkoan "irregulartasunak" gertatu direla matrikulazioetan, itunpekoen mesedetan.

Ordiziako kasua

Ordiziako kasua nabarmendu dute. Beti ere eragile horien arabera, hango ikastolak legez ahal zuena baino haur gehiago matrikulatu ditu; bereziki, euskal jatorrikoak. Jaurlaritzak horri ezikusia egin diola salatu dute, "matrikulazio legedi eta araudiaren kontra eginez". "Matrikulazioetako bigarren aukerak ez dira modu egokian administratu. Ez dira ikasleak bideratu horri buruzko dekretuak esaten duena jarraituz", azaldu du Baikarako Usoa Urbietak.

Eragile horiek uste dute segregazioaren "arrazoietako bat" dela EAEko hezkuntza sistema, publikoaren eta itunpekoen arteko bereizketa egiten duena. Eta gaineratu dute itunpeko ikastetxe batzuetan ikasle batzuek ezin dutela matrikulatu, "diru kuotak" eskatzen dizkietelako. "Legeak dio ez dela ordaindu behar; kuota horiek dira lehenengo hesia", salatu du Urbietak.

LABek ez du beste hiru sindikatuek sinatutako testua babestu —hark du gehiengoa ikastolen sarean—, eta ohar bat kaleratu du. Kexu da Ordiziako kasuari emandako trataerarekin. Ez datoz bat eragile horiek egiten duten bereizketarekin: "Ez dugu arazoa publiko-kontzertatu sareen baitan kokatzen, horrek zatiketa elikatu eta gatazka hauspotu besterik ez duelako egiten". "Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskakizunak egiteaz gain, albokoarekin soluzioak bilatzearen aldekoak gara gu", gaineratu du LABek; besteak beste, Ordiziako Udalaren eta ikastetxeen artean hezkuntza mahai bat osatzea proposatu du. "Hau ez da Ordiziako eskolaren arazoa, hau Ordiziako herriaren arazoa da".

Bizikidetza eta euskara

Kasu zehatzez haratago, agerraldiko eragileek Jaurlaritzari eskatu diote "apustu garbia" egiteko publikoaren alde. Gogoratu dute hiru ikasletik bi daudela sare horretan. "Egun dauden desorekak ez badira zuzentzen, horrek eragina izango du herrietako bizikidetzan eta kohesioan", ohartarazi du Urbietak. "Euskal eskola publikoa da ezinbestean elkarbizitza, inklusioa, ekitatea eta euskalduntzea bermatzen lagundu behar duena Bera da nagusiki lan hori egiten ari dena Esfortzu handiena egiten ari diren eskola publikoei baliabide gehiago ematea ezinbestekoa da", dio eragileen oharrak.

Agiri horrekin, halaber, hainbat neurri eskatu dizkiote Jaurlaritzari. Nagusienak: segregazio egoerak saihesteko planifikazio mahaiak eratzea lurralde bakoitzean, arreta jarriz segregazio egoera nabarmena duten herrietan; matrikulazioetan lehenestea ikastetxe publikoak, eta bereziki jaiotze tasak behera egin duten tokietan; eta itunpeko ikastetxeak behartzea segregazioaren aurkako neurriak hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.