Hilberria

Eduard Punset dibulgatzailea hil da, 82 urterekin

Gaixotasun luze baten ondorioz hil da. Familiak eman du haren heriotzaren berri. Zientziari buruzko liburuengatik eta programengatik egin zen ezagun Punset.

arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 22a
09:46
Entzun

Zientziari buruzko dibulgazio programek egin zuten ezagun Eduard Punset dibulgatzaile katalana. Ugari izan ziren zientziari lotuta argitaratutako liburuak eta lanak ere. Horren aurretik, baina, Espainiako ministro ere izan zen Punset. Diktadura amaitu osteko lehen urteetan, Europarekiko harremanetarako ministro izan zen, eta, horren aurretik, baita Generalitateko Ekonomia kontseilari ere.

Bartzelonan jaio zen Punset, 1936an, eta Zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Ondoren, Ekonomia Zientziak ikasi zituen Londresen eta Parisen, eta BBCn eta The Economist-en aritu zen kazetari gisa lanean.1996an hasi zuen Espainiako telebista publikoan Redes programa, eta, han, zientzia eta teknologiarekin lotutako gaiak jorratzen zituen. Horrez gain, izen bereko aldizkariaren zuzendari ere bazen, eta Grupo Punset ekoiztetxeko buru.

Familiak eman du gaur haren heriotzaren berri, Twitterren zabaldutako mezu batean. Hor azaltzen dute, Bartzelonan hil dela Punset, 82 urterekin eta gaixotasun luze baten ondorioz. Omenaldi gisa, telebistan eta jendaurrean egindako hainbat agerraldiren irudi bilduma bat egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.