Tortura

Nekane Txapartegi deklaratzera deitu dute, Espainiak ireki berri dion auzi batengatik

Bilgune Feministak salatu du "jazarpen politikoaren adierazgarri" dela Txapartegiren kasua, eta "justizia patriarkalak tortura sexista babesten" jarraitzen duela. Kide batzuk iheslariari babesa ematera joan dira Suitzara. Iluntzean protesta egingo dute Asteasun.

Nekane Txapartegi, Zurichen, iakoz Maiatzaren Lehenean. PATRICK HUERLIMANN / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 22a
16:12
Entzun

Berriz ere "arrisku egoeran" dago Nekane Txapartegi euskal iheslaria. Bilgune Feministak ohartarazi du beste auzi bat ireki diotela Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta azaldu dute deklaratzera joan behar izan duela gaur. "Berriro ere, bere askatasuna eta bere bizitza kolokan ikustera behartua dago", salatu dute: "Jazarpen politikoaren adierazgarri da kasu hau, eta argi erakusten du justizia patriarkalak tortura sexista babesten jarraitzen duela. Ezin da ahaztu Nekanek irmoki salatu dituela tortura sexistak eta espetxearen izaera patriarkal zein sexista".

Zenbait kide Txapartegiri babesa ematera joan dira Suitzara, eta, bideo batean salatu dutenez, "tortura sexistan oinarritua" da orain ireki dioten auzia ere. 18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten Txapartegi (2009), eta sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atxilotzean (1999) torturatu egin zutela salatu zuen Txapartegik. 2016ko apirilean, Suitzan atzeman, eta preso sartu zuten; 2017ko irailean utzi zuten aske. Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman zuen hari egotzitako delitua, eta bertan behera gelditu zen haren kontrako estradizioa. Asilo eskaria, ordea, ukatu egin zion Suitzak.

"Hau ez da gure bakea"

"Tortura sexista emakumeonganako indarkeriaren beste adierazpen bat da", nabarmendu du Bilgune Feministak, eta gogora ekarri dute "patriarkatuaren oinarri den sexu bereizkeria iraunaraztera eta indartzera bideratutako indarkeria" dela hori ere. "Hau ez da gure bakea", salatu dute Bilgune Feministako kideek: "Jarraituko dugu bakegintzan eta gatazkaren konponbidean urratsak egiten, espetxe sistemaren inguruko gogoetak egiten, zigor sistemaren birdefinizio bat hauspotzen, (in)justizia patriarkalaren aurrean justizia feminista eraikitzen; eta batez ere, minak zein zauriak sendatzen, erreparatzen, aitortzen. Ez eduki zalantzarik, guk sinisten dizuegu".

Txapartegiren egoera dela eta, elkarretaratze bat egingo dute gaur haren jaioterrian, Asteasun (Gipuzkoa). 19:30ean egingo dute bilkura, Nekane Libre plataformak deituta, Utzi bakean Nekane lelopean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.