Udal eta foru hauteskundeak

Ugaoko herritarrek isiltasunez entzunarazi dute Riveraren aurkako protesta

Denda eta etxe ugaritako pertsianak itxi dituzte, eta elkarretaratzea egin dute plazan. Albert Rivera paretik pasatzean, isilik erantzun dute herritarrek. Udalak "probokazio ariketa arduragabetzat" jo zuen Ciudadanosen ekitaldia.

Ertzainek babestuta egin du bidea Albert Riverak, eta bizkarra eman diote herritarrek. MIGUEL TOñA, EFE.
2019ko maiatzaren 23a
07:31
Entzun

"Arazoa ez da Espainia, arazoa zuek zarete, hiltzaileei txalo egiten diezuenak. Ez duzue lortuko gu isiltzea". Horixe izan da Albert Rivera Ciudadanoseko buruaren tonua, eta Ugaon (Bizkaia) ekitaldi bat egitearen arrazoia ere erakuts dezake esaldiak —hangoa da Josu Urrutikoetxea ETAko kide izandakoa; aurreko astean bertan atxilotu zuten—. EAJren eta EH Bilduren babesarekin onartutako adierazpenean, "probokazio ariketa arduragabe" gisa definitu zuen udalak hauteskunde ekitaldi hori, "konfrontazio giroa sortu eta komunikabideetan zarata sortzeko disimulurik gabeko saiakera" gisa. Gaur, komertzio eta etxeetako pertsianak itxiz, ikurrina eta bestelako ikurrak bistaraziz eta elkarretaratze isili batekin erantzun dute herritarrek.

Herri batzarra egin zuten atzo Ugaoko hainbat bizilagunek, eta "gaitzespen baketsua adierazteko" elkarretaratzera deitu zuten. Hala gertatu da; Albert Rivera, Maite Pagazaurtundua eta Ciudadanoseko jarraitzaileak protestaren aurretik pasatzean, bizkarra emanda erantzun dute elkarretaratzean bildutakoek, isilik —Rivera kalean zehar zihoala, "faxistak kanpora" oihuren bat edo beste izan da—.

Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute Ciudadanosen jarraitzaileek, ETAren biktimen omenez. Une horretan, sirena hotsa entzun da herrian. "Ez gaituzue tiroka isildu, ez gaituzue sirena batekin isilduko", bota du Riverak. Apirilaren 28ko hauteskundeetan, 37 boto lortu zituen haren alderdiak Ugaon —emandako botoen %1,47—.

"Terrorismoaren biktimen gaia garrantzitsuegia eta sentiberatasun handiegikoa da kanpainan sartzeko", kritikatu du EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarrek: "Bertan jaiotako pertsona batengatik herri osoa estigmatizatzea erabateko izugarrikeria da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.