HEZKUNTZA

"Elkargune" izateko xedez, 30 ikastaro eskainiko ditu UEUk ekainean eta uztailean

Elkar Ekin lelopean eginen dituzte 47. udako ikastaroak Iruñean, Baionan eta Eibarren.

UEUko ikastaroen aurkezpena, gaur, Iruñean. UEU.
Ion Orzaiz.
2019ko maiatzaren 23a
13:10
Entzun

Euskarazko jakintzaren topagune izan nahi du UEUk. Helburu horrekin antolatu dituzte aurtengo udako ikastaroak, iaz bezala, Elkar Ekin lelopean. "UEU ez litzateke posible izango elkarlanik gabe, gure izaeran dago elkargune izatea, eta udako ikastaroek ere hori islatze dute", azaldu du UEUko zuzendari Kepa Sarasolak, udako ikastaldiaren aurkezpenean: "Ikastaro hauek auzolanean antolatzen ditugu pertsona eta erakundeekin, eta elkarlan horretatik ekiten diegu proiektu berriei".

Guztira, 36 jarduera eginen dituzte ekainaren 11tik uztailaren 12ra. Zazpi ikastaro eskainiko dituzte Iruñean, 16 Eibarren, eta beste zazpi Baionan. Hiru horiek izanen dira ikastaroen egoitza nagusiak. Horrez gain, baina, hainbat jarduera osagarri eskainiko dituzte Bilbon (bi jardunaldi), Tolosan (ikastaro bat), Donostian (bi ikastaro), Usurbilen (jardunaldi bat) eta Arizkunen (ikastaro bat).

Gainera, jardunaldi bat antolatu dute Gasteizen, beste bat Usurbilen eta beste bat Donostian. «36 jarduera antolatu ditugu aurten, eta azken urteetan gertatzen ari den bezala, ehundik gora ikastaro proposamen jaso ditugu. Zaila izan da aukeratzea, jasotako ideiak oso onak izan direlako», azaldu du UEUko udako ikastaroen arduradun Irati Iciarrek.

Sei formatutako saioak bildu dituzte egitarauan: ikastaro espezializatuak, dibulgaziokoak, garapen pertsonalekoak, jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak.

Iaz irekitako bideari jarraituz, Iruñean Ezpeleta jauregian eskainiko dituzte udako ikastaroak, eta Baionan, berriz, Bernat Etxepare lizeoan, barnetegi moduan.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako hitzarmenari esker, doako hiru ikastaro eginen dituzte Iruñean: Euskararen erabileraren lanketa ikasgelan (ekainak 24-25), Gaitasunetan oinarritutako unitate didaktikoak (ekainak 24-25) eta Harremanak 3.0: gazteen sexualitatearen esku hartzea espazio digitalean (ekainak 25-26).Izena emateko epea zabalik dago, www.ueu.eus webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.