Irungo alardea

Irungo alarde baztertzailea babestu dute PSEk, EAJk eta PPk

Emakumeei soldadu gisa desfilatzen uzten ez dien alardea "legezkoa" dela adierazi dute hiru alderdiek, jeneralari bidalitako idatzietan. 

Paco Carrilo alarde baztertzaileko jenerala, iazko ekainaren 30ean, zaldi gainean. BERRIA
2019ko maiatzaren 24a
10:52
Entzun

Joan den astean, Irungo Udaleko bozetara aurkeztutako alderdietako zerrendaburuei gutun bat bidali zien Paco Carrillo alarde baztertzaileko jeneralak, eta, udal eta foru hauteskundeen harira, alardeen auzian posizio bat har zezatela eskatu zien. EAJk, PSE-EEk eta PPk erantzun diote: emakumeei soldadu gisa desfilatzen uzten ez dien alardearen alde mintzatu dira. “Zintzotasuna” eskertu die Carrillok, eta ezagutarazi egin du hiru alderdion erantzuna.

Jeneralari igorritako erantzunean, Jose Antonio Santano Irungo alkate eta PSEren alkategaiak adierazi du hirian “festa ulertzeko bi modu” daudela, eta biak direla “zilegi eta legezko”: “Beti gaitzetsi izan ditugu zuk gidatzen duzun alardeari buruz eginiko zoritxarrezko adierazpenak eta gezurrak”. Santano 2002tik da alkate, eta ez dio sekula harrerarik egin alarde parekideari, baina hark jasotzen duen babes instituzionala deitoratu du: “Adierazpenen eta diru laguntza ekonomikoen bidez jaia ulertzeko bide bakarraren alde jarri diren talde politiko edo erakundeen ondoan ez gara inoiz kokatu”. Era berean, azken urtetan “bizikidetza” gailendu dela nabarmendu du: “Beti kritikatu dugu gure festen politizazioa, eta ‘gatazkari irtenbide bat emateaz’ hitz egiteari uko egin diogu”.

Sutsuago mintzatu da EAJko hautagai Xabier Iridoi: “San Martzialgo alardea ez da matxista, ezta baztertzailea ere. Guztiz legezkoa da, eta ez dio eraso egiten berdintasun printzipioari, eta hala jasotzen da Auzitegi Gorenak 2008an emandako epaian”. Gaineratu du Irungo jeltzaleek beti adierazi dutela argi euren iritzia: “Horrela egiten dugu Alardealdia jaia babestean, gure parte hartzearekin, edo gustu handiz joaten garenean konpainien ospakizunetara, eta baita, nola ez, urtero San Martzialgo alardean desfilatzen, nire alardean, betiko alardean. Irungo EAJn gure hiriaren gehiengo sozial eta politikoarekin gaude, ez da sekretua”.

PPko alkategai Muriel Larrea ere antzera jardun da: “NIk neuk alarde tradizionala babesten dut”. Adierazi du bi alardeen arteko gatazka ez dela berdintasun arazo bat, baizik eta “bizikidetzakoa”, eta azken urteetan jaia “bakean” bizi izan dela. “Ulertzen dut irundar bakoitzak alardea nahi duen moduan bizi izateko aukera duela”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.